Hotz handia da. Eta ez diot sentsazio termikoagatik, munduan orokorrean, eta gure Europan zehazki, den giro ekonomikoagatik baizik. Urte batzuk daramatzagu krisiarekin dagoeneko, eta adituek esaten dute luzerako doala, asko erratzen direnek eta gutxiago egiten dutenek ere bai.
Tentu handiz ibiltzeko arrazoiak daude, kudeaketa serio eta arduratsuaren aldeko ahaleginak bikoizteko, gastatzen edo inbertitzen dugun euro bakoitzari ematen diogun zentzua aztertuz. Eta gainera, eskasia garaietan, lehentasuna eman behar diegu, ekonomia dinamizatzeaz gain, etorkizuneko aberastasunaren motor diren inbertsioei, abian jarri ondoren, itzulkinak dakarzkiguten horiei. Hori guztia, langabeziak gero eta gehiago zigortzen duen gizarte honetan dauden gutxi duten edo ia ezer ez duten pertsonak ahaztu barik.
Hortaz, ondo inbertitu eta gastatu behar dugu, baina ez aurrerako ihes arduragabean bezala, guztiari uko eginez, paralisiak, hotzaldian, hipotermia eta heriotza baitakartza. Errazena geldiaraztea da, atzeratzea, desegitea. Baina erraza izateaz gain, antzua da.
Ideia onak egikaritzeko garaia da, ordea. Egitasmoak berrasmatzea, posibleago egitea, horiei faseka ekitea, beharra bertute bihurtu. Baina egin behar dugu.
Horren adibide ezin hobea izan da Leioako artisautza azoka azaroaren hasiera honetan. Euripean ere, euri-jasa ikaragarripean, Euskadi alarma deia zuela eguraldiagatik, eta egin behar izan ziren doiketa guztiekin, horren guztiaren gainetik, azokak bere lekutxoa izan zuen. Zorionak, oztopoak egonda ere, azoka posible egin zenutenoi, baita bertaratu zinetenoi ere.