2011-11-17
Txorierriko igogailuaren obrak datorren urtearen amaieran hasi daitezke
Leioako Udala eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza saila beharrezkoak diren azken pausuak ematen ari dira Txorierriko igogailua eta zonaldeko egokitzapena laster errealitate bihurtzeko. Aurreikuspenen arabera datorren urtearen amaieran hasiko dira obrak.
Bere sasoian Leioako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak akordioa sinatu zuten Txorierriko zonalde hau egokitzeko eta Lamiako auzoarekin duen lotura hobetzeko. Orduz geroztik, erakunde biak elkarlanean izan dira hirigintza zein administrazio txostenak garatzeko, eta joan den uda pasa ostean prozesu honek bere fruituak eman ditu.
Leioako Udalak igogailuaren proiektua egin behar du eta Jaurlaritzak, berriz, obra egiteko beharrezkoak diren lurzoruak bereganatu behar ditu eta mendia behar bezala prestatu. Hau honela, eta proiektu osoaren onerako, ekintza desberdin bien hirigintza proiektuak koordinatu izan dira eta datorren urtearen amaieran obrak hastea espero da.
Baina hau gertatu baino arinago beste hainbat pausu eman behar dira, hauen artean nahitaezko desjabetzea, jada martxan dagoena. Honen ondorioz kaltetuak izango direnen ondasunen zerrenda eta eskubideen zerrenda publiko egin da.
Leioandi
Bestalde, Udala eta Jaurlaritzaren arteko beste proiektu bat aipatu behar dugu; Leioandiko zonaldean martxan diren obrak erritmo ona daramate. Izan ere, udaletxetik Sarrienako biribilgunera arte doan errepide honen obren lehen fasea amaitzear dago. Baina Leioandiko urbanizazio honen bigarren fasea zonaldeko etxebizitzak egitearekin batera izatea espero da, hau da 2012ko uda aldean. Gogoratzen badugu eremu honetan 405 Babes Ofizialeko Etxebizitza altzatuko dira, hauetatik 100 errenta sozialekoak, esan beharra dago ere Etxebideko zozketa oraindik egiteke dagoela.