2008-09-07
Eneko Arruebarrenak adierazi du araztegia “ahalik eta txikiena izan beharko dela, teknologiarik berrienekoa izango dela eta ingurumena errespetatu beharko duela”
Kontu horiek guztiak Confederación Hidrográficari igorri zaizkio izandako bi bileretan (bat Leioan izan da), izan ere, erakunde horrek kudeatzen du araztegiaren eraikuntza
Leioako alkate Eneko Arruebarrenak atzo azaldutakoaren arabera, orain dela 30 urtetik Lamiakoko dartsenan proiektatutako araztegia “ahalik eta txikiena izan beharko da, teknologiarik berrienekoa izan behar da eta ingurumena errespetatu behar du”.
Gainera, proiektu honen lehenengo aurreproiektua aurten ikusiko da; horren aurrean, argi utzi nahi izan du “Udalak bere esku izan dituen dokumentu guztiak eta informazio guztia inplikatutako agenteei helarazi zaizkiela, besteak beste, Aldundiari, Partzuergoari eta herritarren elkarteei”.
Betekizunak
Alkateak adierazi duenez, Gobernu Zentralak betekizun horiek betetzen baditu, “itsasadarreko errepidea kendu gabe eta mareen arteko lohiak berreskuratuz”, Leioak “luxuzko araztegia izango du, eta Bilboko Guggenheimek baino kostu handiagokoa”. Kontu horiek guztiak Confederación Hidrográficari igorri zaizkio izandako bi bileretan (bat Leioan izan da), izan ere, erakunde horrek kudeatzen du araztegiaren eraikuntza.
Udalak pentsatuta dauka dagoeneko nola erabiliko duen gaur egun araztegirako gordetako espaziotik sobera geratutako lurra. “Lamiako auzoa bizitzen ari den susperraldia indartu nahi da, bulegoetarako poligonoa, ibaiertzeko parkea eta gainontzeko ohiko ekipamendua eginez”.
Oraindik epe zehatzen berri izan ez arren, Alkateak esan zuen “luze barik, eta gehienez aurten, araztegiaren aurreproiektua izapidetu beharko dela”. Era berean, Arruebarrenak uste du agiri horretatik abiatuta baino ezin izango duela “adierazi edozein erakundek edo pertsonak, alegazioen bitartez, eraikinarekin pozik ez dagoela”.
Historia luzea
Lamiakoko dartsenako lurretan hondakin uren araztegia eraikitzeko ideia 1979an Saneamenduko Osoko Planarekin sortutako proiektua da. Dena dela, ideia atzeratuz joan zen, beste ekipamendu batzuen alde, esate baterako, duela urte batzuk abian jarri zen Galindoko araztegiaren alde.