Zorionak!
Bilaketak
Osteguna, 2024ko Abenduaren 26a
Hemen zaude: Hasiera » Zure Udala » Albisteak

Albisteak RSS

2010-11-18 Tranbiak Leioan dituen bagoi-tokien obren hasieraren inguruan
Maqueta / Maketa

Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak, orokorrean, eta Eusko Trenbide Sareak, bereziki, Leioa-EHU Trenbidearen Bagoi-tokietako obrek izango duten atzerapenaren inguruko iragarkia egin zuten; izan ere, horiek kokatuko diren lurzoruak kutsatuta daudela ikusi da. Horren aurrean, Leioako Udalak gertatutako guztia azaldu eta horien balorazio bat egin nahi du.

Gertaeren azalpena

1) Gaur egun indarrean dagoen Gobernuak 2009ko maiatza-ekaina inguruan ekin zion bere ibilbideari.

2) Administrazio orori bere erantzukizunpekoak diren egitekoei erantzuna ematen hasteko eman ohi zaien 100 eguneko epea igarota, baita zenbait egun gehiago ere, eta Gobernuaren aldetik Leioako Udalarekin kontaktuan jartzeko inolako asmorik ez zegoela ikusita, azken horrek hitzordu bat eskatu zuen dagokion Saileko arduradunekin, Leioa-EHU tranbiaren proiektuaren inguruan zuten asmoa ezagutzeko asmoz.

3) Bilera hartan adierazi zenez, aurreko Gobernuak bukatuta utzi zuen tranbiaren proiektuari dagokion tramitazio administratibo guztia; orain, beraz, aurrekontua hornitu eta proiektua gauzatu besterik ez zen egin behar (lurrak desjabetu, kalte-ordainak eman, eta obrak burutu).

4) Era berean, egungo Gobernuak lehenengo fasean denbora aurrezteko asmoa adierazi zion Leioako Udalari, Bagoi-tokietako obrak egiteko 5 milioi euro bideratuko zituela esanez, 2009ko aurrekontutik. Proiektuaren gainerako exekuzioa 2010erako geratu zen, hori gauzatzeko dagozkion kontratazioak egin beharko zirelarik. Udalari orduan esan ziotenaren arabera, une hartan 5 milioi euroak eskura izan arren, ez zegoen Bagoi-tokiak kokatzeko lurzorurik, eta horretarako Udalaren lankidetza eskatu zuen, espresuki.

5) Udalak bere burua eskaini zuen, lurzoru horien jabe titularrekin beharrezkoak ziren gestio edota kudeaketa guztiak egin, eta lur horiek aurretiaz eman zitzaten, Gobernuaren esku ahalik eta arinen jartzeko. Horren inguruan, bi azalpen egin ziren:

a) Litekeena zela lurzoru horietan historian zehar kutsatutako edota hondatutako lurra gehitu izana, betetze-lan asko, izan ere, portuko lurra erabilita egin zelako, inolako kontrol demokratikorik ez zegoen sasoian.
b) Lurzoru horien gainean Leioa eta Errekako errepidea eta azken hori Erandiorekin lotzen dituen bidea zegoela eta, ondorioz, bide hori Bagoi-tokien obrak hasi aurretik konpondu egin behar zela, erabiltzaileei kalterik ez eragiteko:

6) 2009ko amaieran Udalak akordio bat lortu zuen lurzoru horien jabeekin eta, 2010aren hasieran eman zion lur horiek erabiltzeko aukeraren berri Eusko Jaurlaritzari.

7) 2010eko otsailaren 9an ETS eta Leioako Udalaren arteko Lankidetza Hitzarmena sinatu zen, eta bertan jaso ziren Tranbiaren proiektuari dagokionez alderdiek bete beharreko betebehar guztiak. Hitzarmenean bertan, gainera, Leioako Udalak aipatu lurren lagatzea gauzatu zuen, aurretiaz adostutako beste lursail batzuekin batera. Gobernuak, bestalde, bere gain hartu zituen: Bagoi-tokiak eraikitzeagatiko kostua, errepidea konpontzeko gastua, bai eta proiektua aurrera eraman ahal izateko beharrezkoak ziren gainerako jarduerei dagokien gastua ere. Eusko Jaurlaritzak honakoa hartu zuen bere gain, hitzez hitz: “aipatu azpiegiturari dagozkion obrak 2010ean hasteko betebeharra, horiek etenik gabe gauzatuko direla bermatuz, erabat bukatzen diren arte”.

8) 2010eko ekainean, ETSren eta Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren ekimenez, Bagoi-tokietako obrari dagokion lehen harria jarri zen; Leioako Udala ere bertan izan zen ekitaldi horretan.

9) Uda ostean, 2010eko irailean, ETSko arduradunek bertatik bertara agertutako arazoen berri eman zioten Udalari, hau da, lurzoruaren kutsadura eta errepidearen desbideratzea epe laburrean gauzatu ahal izateko finantzaketa-falta. Horregatik, obra denboran behar beste atzeratzea eta aipatu errepidearen desbideratzea obraren azken fasera pasatzea proposatu zuten. Horretarako, eta obrek iraun bitartean, Errekara bideko errepidetik Erandiora bidean doan trafikoa Getxorantz desbideratuko litzateke.

Azaroan, azkenik, Saileko arduradunek errepidearen desbideratze hori bagoi-tokien kokalekua egin aurretik gauzatuko zutela adierazi zuten Udalaren aurrean; hala ere, obra horiek atzerapena izango zutela iragarri zuten (hala errepidearen desbideratzeak, nola Bagoi-tokien obrak), kutsatutako lurzoru guztiak garbitu arte.

Balorazioa

1) Udalak ulertzen du Bagoi-tokien obrak eta Leioatik Errekara doan errepideko desbideratze lanak atzeratu beharra, Erandiora bidean, nahiz eta horrek Eusko Jaurlaritzaren aldetik ez-betetzea ekarriko lukeen, erakunde bi-biek sinatutako Hitzarmenari dagokionez. Ez da kutsatutako lurrak agertu direla-eta administrazio batek obra-planak berregin behar izan dituen lehen aldia, ezta azkena izango ere.

2) Hala ere, Udalak ezin du salatu gabe utzi gertatutakoaren inguruko aurreikuspen-falta eta herritarrenganako errespeturik eza. Izan ere, horren denbora luzez itxaron duten azpiegituraren lehen harria ezarri zen unean, Gobernuak jakin bazekien, uztaila baino askoz lehenagotik, arazo guztien berri eta, hala ere, ekitaldia berdin-berdin gauzatu zen. Argazki eta titular on bat ez dira inoiz ere gailendu behar gertaera errealen aurrean.

3) Tranbiaren proiektua gauzatzeari dagokionez, Leioako Udalak erabateko lankidetza berretsi nahi die Eusko Jaurlaritzari, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari eta ETSri, betiere, lan serio eta zorrotzean oinarrituta, erakunde guztiak kontuan hartuta, eta Leioako herritarrei zor zaien errespetuarekin.

Partekatu:

Itzuli

Copyright 2010 · Leioako Udala
  • Kaskadako estilo-orriak erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa
  • Logotipo de cumplimiento de segundo nivel de accesibilidad
  • XHTML kodea erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa