Zorionak!
Bilaketak
Astelehena, 2024ko Abenduaren 23a
Hemen zaude: Hasiera » Zure Udala » Albisteak

Albisteak RSS

2010-10-05 Leioan euskaraz berbalagunen bitartez
berbalagun / berbalagun

Leioan euskaraz bizitzea ez da erraza; berton bizi garenok aukera gutxi ditugu euskaraz berba egin ahal izateko, eta klasetik edo euskaltegietatik kanpo gutxitan egiten dugu euskaraz. Euskaldunok eta euskara ikasten ari garenok euskaraz hitz egiteko aukera gehiago izan dezagun, aurten Leioan euskararen eragileok inoiz baino indartsuago den berbalagun programa martxan daukagu.

Leioako Euskara Zerbitzua, Lamia AEK Euskaltegia eta Mastitxu Udal Euskaltegia dira egitasmo honen sustatzaileak. Partaide guztion helburua Leioako gainontzeko talde, elkarte eta gizabanakoekin elkarlanean hastea da, euskararen normalkuntza prozesuan denon ahalegina eta ekarpenak beharrezkoak baitira.

berbalagunen helburuak bi dira: Leioako euskaldunok elkar ezagutzea batetik eta bestetik ikasten ari diren ikasleek praktikatzeko aukera gehiago izatea. Euskaraz egin nahi dugunok, euskaraz egin ahal izateko espazioak sortzea finean.

Metodologia erraza da: adina, zaletasunak, eta disponibilitatea kontuan hartuta laupabost laguneko taldeak osatuko dira. Euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartuta, talde bakoitzak dinamizatzailea aukeratuko du eta denon artean erabakiko dute noiz, non eta zertarako bildu. Arruntena astean behin taberna batean biltzea da, kafea hartzeko... baina aukera asko daude: kontzertuetara joan, antzezlanak ikusi, ikastaroak egin eta berbalagunaren inguruan sortuko diren ekintza ezberdinetan parte hartzea.

Astean ordu bete edukitzea nahikoa da berbalaguna izateko. Beraz aitzakiarik ez, izena eman nahi duenak eskuorriak eta izen emateko fitxak izango ditu eskuragarri herriko txoko ezberdinetan. Eta behin fitxa beteta, Lamia Aek Euskaltegian , Mastitxu Udal Euskaltegian edo Udaleko Euskara Zerbitzuan utzi beharko du. Izena emateko beste era bat, gurekin zuzenean kontaktuan jartzea da honako bide hauetatik: e-mailez: leioa_berba@aek.org edo telefonoz: 607 632 655

Horretaz aparte, Leioako berbalagunok bloga izango dugu ; argazkiak, azken berriak eta partaideen iritziak zabaltzeko.

Hemendik aurrera Leioako euskaldunon sarea indartuz joango da, euskara ikasten ari direnek berba egiteko aukera gehiago izango dituzte eta euskara kalera aterako dugu. Badakigu lan handia dagoela oraindik egiteko, baina gogotsu ari gara euskararen alde.


Harremanetarako: leioa_berba@aek.org

Partekatu:

Itzuli

Copyright 2010 · Leioako Udala
  • Kaskadako estilo-orriak erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa
  • Logotipo de cumplimiento de segundo nivel de accesibilidad
  • XHTML kodea erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa