Zorionak!
Bilaketak
Osteguna, 2024ko Abenduaren 26a
Hemen zaude: Hasiera » Zure Udala » Albisteak

Albisteak RSS

2010-09-21 Txileko Independentziaren berrehungarren urteurrena Eneko Arruebarrena. Leioako Alkatea
Eneko Arruebarrena / Eneko Arruebarrena

Irailaren 18ko ospakizun honen antolatzaile zaretenez gero, ongi etorriak Leioara Juan Carlos Perez Unzueta jauna, Txileko ohorezko kontsul txit prestu hori, Gloria Arevalo andrea, Gotzon de Lasa jauna eta Hans Holfman jauna, hurrengo kultura elkarte txiletarren presidenteak, hurrenez hurren: Chile Lindo, Alonso de Ercilla eta Habló Neruda. Zuek eta Txileko herri osoak Nazioaren Eguna ospatzen duzue, eta aurten, ospakizun hori handiagoa da 200 urte pasa direlako Txilek bere askatasuna aldarrikatu zuenetik, XIX. mendearen hasieran hain zuzen ere.

Leioarentzat, leioaztarrentzat, oso atsegina eta ia ohikoa da data hau gordetzea egutegian, Txilerantz begiratzeko, bere jendeari, kulturari, musikari, dantzari eta folkloreari so egiteko. Zoritxarrez, azken bi urteotan ez dugu irailera arte itxaron behar izan begirada hara zuzentzeko, iragan lurrikarak eta gaur egun meatzariek bizi duten agoniak oraindik gehiago hurbildu digute Txile, eta nolabait, gure arduren artean sartu dira. Hemendik desio garbia adierazi nahi dugu: sufrimendu handiena dutenek berreskura dezatela bere bizitza arrunta, eta osa daitezela.

Leioak eta Txilek besoa luzatzen diote elkarri ekitaldi honekin duela urte batzuetatik hona, Leioa esker oneko eta alai agertzen den ospakizuna, Txilek eta bere jendeak eskaini ziguten laguntza eta solidaritatea eskertzea bidezkoa delako. Batez ere, XX. mendearen hasieran, 1936ko guda amaitu ostean, erbestearen bide gogorra hautatu behar izan zuten familia euskaldunekin izan zuten begirunea, tartean familia leioaztar asko. Beharrezko egin zitzaien erbesteratzea borroka desorekatu hartan legalitatearen kontra egin zutenen heriotzaren mehatxutik, kartzelatik eta errepresiotik ihes egiteko.

Arrazoi politikoengatik eta ideien defentsagatik sortutako euskal diaspora, Hegoamerika osotik hedatuta dagoena lur horren eta bere jendearen eskuzabaltasunari esker, baita Agirre Lehendakariaren Eusko Jaurlaritzaren eta bere delegatuen izugarrizko lanari esker ere. Euskal diasporak pisu eta singulartasun bereziak izan zituen Txilen: Winnipeg bezalako itsasontziak Valparaiso eta Txileko beste leku batzuetara iritsi ziren familiez beteta, batzuk zatikatuta, eta euren zorigaiztoko bizitzak berregin ahal izan zituzten, aberri berria hartu, adopziokoa, kasu honetan, Txile. Behartua izan zen, beraz, irteera Euskaditik, ausazkoa Txilera heltzea eta borondatezkoa Txilen sustraitzea eta bizitzea.

XVIII mendea Iparramerikako independentziarena izan zen, XIX. mendea Hegoamerikako herrien emantzipazioarena, eta XX. Afrikako herrien independentziarena. Nazioarteko ordenara heldu ziren Europako herri asko ere iragan mendean, Lehen Gerra Mundiala amaitu ostean, eta Berlingo Horma bota ostean batez ere, nazionalitateen printzipioari eta herrien autodeterminazio eskubideari helduta. Oraingo XXI. mendea bide horretatik doa: herriek eta biztanleek borondatea eta erabakitzeko askatasuna oinarri hartuta bizi behar dute elkarrekin, inposizioak ez du tokirik. Elkarrekin bizitzeak, batasunak edo elkartzeak, banakakoak edo taldeenak (ezkontzak, enpresak, edo estatu autonomiko, federal edo konfederalak) ez badira borondatezkoak eta hitzartuak, porrotera kondenatuta daude, bai ala bai. Historiari begiratzea baino ez dago.

Ekitaldi hau eta bertan ospatzen duguna horren erakusgarri da. Zorionak Txileko eguna den honetan. Bakea eta oparotasuna Txile eta txiletarrentzat XXI. menderako, eta ikus dezagula, askatasunean.

Partekatu:

Itzuli

Copyright 2010 · Leioako Udala
  • Kaskadako estilo-orriak erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa
  • Logotipo de cumplimiento de segundo nivel de accesibilidad
  • XHTML kodea erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa