2023-08-28
Zirkulazioa etengo da Leioako Metro geltokiko bi biribilguneen arteko errepidean
Gaurtik (astelehena) aste honetako ostegunera arte egingo da etena, itsasadarrerantz jaisten den noranzkoan besterik ez.
Bidegorri berria egiteko eta inguruan galtzada eraberritzeko obrak direla eta, bi biribilguneen arteko tartea etengo da Leioako Metro geltokian, itsasadarrerantz jaisteko noranzkoan. Printzipioz, zirkulazioaren noranzko baten etendura hori gaurtik, astelehenetik, aste honetako ostegunera bitartekoa izango da.
Egiten ari den 350 metroko bidegorri-zatia Leioako Metro geltokitik hurbil dagoen biribilgunetik abiatzen da, eta orain gutxi oinezkoentzat prestatutako itsasadarraren ondoko tartearekin du lotura. Bestalde, obra osoak 450 metroko beste zati bat aurreikusten du, Lamiakorekiko bide-lotura hobetuko duena, eta Leioako Metro geltokia Langileria kalearekin lotuko duena, bai eta, aldi berean, Udondoko bulebarretik abiatzen den tartearekin.
Jarduketa horrek hobekuntza ekarri die itsasadarraren eremu berrira hurbildu nahi duten oinezkoei; izan ere, Udondo ibaiarekiko paralelo doan oinezkoentzako bidea egokitu eta seinaleztatu da, Euskotrenen kotxetegien atzean.
Partaidetzazko prozesua
Esku-hartzearen jatorria 2020an (COVID-19ak eragindako krisi betean) egindako Aurrekontu Irekien partaidetza-prozesua izan da, 2021eko aurrekontuei begirakoa. Zehazki, herritarrek aukeratutako proposamenen ondoriozkoa da: egungo bidegorri-sarea luzatzea, eta oinezkoentzako eta bidegorrientzako konexioa egitea metroak itsasadarrarekin duen biribilgunearen eta Erandioren artean.