2019-02-11
Zientziako Emakumearen eta Neskaren Nazioarteko Eguna
Zientzia eta genero berdintasuna ezinbestekoak dira Agenda 2030ean bildutako Garapen Iraunkorrerako Helburuak bete daitezen. Azken urteetan, nazioarteko komunitateak esfortzu handia egin du emakume eta neskatilek zientzian parte har dezaten, baina, tamalez, oraindik ere badituzte diziplina horretan erabat aritzea eragozten dieten muga batzuk.
Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2015eko abenduaren 15ean erabaki zuen 70/474/Add.2 ebazpenaren bitartez otsailaren 11 Zientziako Emakumearen eta Neskaren Nazioarteko Eguna izendatzea, horrela emakume eta neskatila guztiek zientzian duten parte-hartzea bidezkoa eta erabatekoa izan dadin, eta, bide batez, genero berdintasuna eta emakumearen ahalduntzea lortzeko.
Leioako Berdintasun sailetik, egun hori eta bere aldarrikapena ikusgai bihurtu nahi ditugu, emakumea eta zientzia uztartuz.
Aurten, Txomin Aresti Ikastetxeko IGEren Berdintasunerako Ordezkariak iradokita, Leioako Ikastetxeetako lehen irakaskuntzan ari diren neska-mutilei zuzendutako ekintza bat burutzea pentsatu dugu.
Leioako ikastetxeek karta-sorta bat jasoko dute: “Emakumeak zientzian”. Bertan hainbat gaitan aritu diren 44 emakume zientzilari agertuko dira. Karta-sorta – Anouk Charles eta Benoît Friesen ideia- Francis Collie artistak marraztutako 52 kartak osatzen dute.
Karta-sorta horrekin jolastuz emakume horiek –batzuk ez oso ezagunak- egin dituzten ekarpenei buruz ikasi ahal da.
Gainera, jolas honek ereduak eskaini nahi dizkie bai neskei, bai mutilei, zientzietako prestakuntzak ikasteko gogoa berotzeko.
Jolasteko arauak
Jolasaren helburua laboratorio bat osatzea da, kolore bereko lau karta batuta. Hiru laboratorio osatzen dituen lehen pertsonak irabaziko du partida. Parte-hartzaile bakoitzak sei karta jasoko ditu. Karta-sorta mahaiaren erdian jarriko da irudiak behera direla, eta bat irudia gora duela.
Txanda bakoitzean, jokalariak karta-sortan irudia gora dagoen karta jasoko du eta bat botako du, eta botatakoen sortaren gainean utziko du irudia gora.
Karta batzuek bi kolore dituzte eta bi kolore horietako edozein laboratorio sortzeko erabili ahal dira. Matrikula kartak aukera emango dio jokalariari utzitakoen sortan dagoen edozein pertsonaia hartzeko. Ospea kartak bide ematen du laboratorio aurkari batetik bi pertsonaia hartzeko (laboratorioa desegingo da eta gainerako pertsonaiak beren jabearen eskura itzuliko dira). Clon kartak eskubidea emango dio jokalariari dagoeneko duen pertsonaia baten kopia egiteko; laboratorioa osatzen denean kopiatu izan den pertsonaiaren ondoan kokatuko da, eta ezin izango dira banandu partida bukatu arte.
Txanda bakoitza bukatutakoan, jokalari bakoitzak ezin izango ditu sei karta baino gehiago izan eskuetan; gainerakoak botatakoen sortan utzi behar izango ditu.
Pertsona baten txandan karta-sortakoak amaitzen direnean, partidatik kanpo geratuko da; bere kartak eta laboratorioak botatakoen multzoko gainerakoekin batera nahasi egingo dira, eta berriro hasiko da jokaldia.