Leioa
Bilaketak
Igandea, 2024ko Uztailaren 07a
Hemen zaude: Hasiera » Zure Udala » Albisteak

Albisteak RSS

2017-05-18 Ordu batzuk falta dira Umore Azokari hasiera emateko
Tornado / Tornado

Umore Azoka Leioa indar osoz hasiko da gaur arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Euskal Herriko, estatuko eta nazioarteko konpainien 25 ikuskizunekin. Horietatik 10 erabateko estreinaldiak izango dira, eta beste 4 Estatu mailako estreinaldiak.

Mari Carmen Urbieta Leioako alkatea azokako gune batera joango da, Udaletxeko Plazara, ikus-entzuleei ongi etorria eskaintzeko eta ia etengabeko arte jarduerako 4 egunei hasiera emateko.

Lehenengo jardunaldia 29 emanaldik osatuko dute, guztiak ere doakoak, udalerriko hainbat lekutan eskainiko direnak, Errekalde plazan, San Joan Bataiatzailearen plazan, Estartetxe kalean, Bulebarrean, Udaletxeko plazan, Aldapako auditorioan, Udondoko Bulebarrean edo Jose Ramon Aketxe plazan. Ikuskizun ibiltari bat ere egongo da, eta baita ikuskizun bat San Jose etxebizitza multzoan ere, Sakoneta kiroldegiaren ondoan.

Azken emanaldi hori erabateko estreinaldietako bat izango da, eta Tornado Konpainiaren eskutik etorriko da. “Amigos con derecho a robo/Lapur minak” komediak, 6 milioi euro irabazi dituen eta kausa on batera bideratzea erabakiko duen gazte baten istorioa kontatzen du, bere lagunak oso pozik ez dauden arren. Ikus-entzuleak antzezlanaren protagonista aktiboak izango dira, ganora gutxiko lapur bilakatutako “adiskide” horien ibilbidea jarraitu beharko baitute.

Estreinaldien artean azpimarratzekoak dira Kukai Dantza taldearen eta Brodas Bros katalanen “Topa” ikuskizuna, Umore Azokak eta Festival Sismògraf de Olot izenekoak ekoiztutakoa. Ikuskizun horretan euskal dantza tradizionala eta hip-hop-a uztartzen dira.

Kukai Dantzaz eta Tornado Konpainiaz gain, beste 6 euskal konpainiek Leioako Azokan estreinatuko dituzte euren lanak. Hauek izango dira: Shakti Olaizola, “Baldin Bada” lanarekin; Trotamundos Konpainia, “Historias de un baúl” antzezlanarekin; Jaiotz Osa, “Suddenly” ikuskizunarekin; Teatro a la boina, “I´m real artist” emanaldiarekin; Garazi & Cía, “Pausoz Pauso” lanarekin; eta Ertza, “Meeting Point” ikuskizunarekin. Eva Guerrero Konpainiak, bere aldetik, “El fin de las Cosas” lanaren aurre-estreinaldia eskainiko du.

Beste erabateko bi estreinaldiak, “Felicia, la mujer sin cabeza” izenekoaren istorioa kontatuko digun Gaztela-Leongo Miguelilloren, eta emigrazioari, errefuxiatu eremuei eta gizakiak duintasuna galtzeari buruz hitz egingo digun “Frontera” izeneko “ikus-gorputz poema” ekarriko duen Balear Uharteetako Migrants Konpainiaren eskutik etorriko dira.

Nazioarteko konpainiei dagokienez, Umore Azoka Leioako lehenengo egunera doazen pertsonek, Ici’Bas suitzarren “L’envers” lanaren Estatuko estreinaldiaz eta Bandart Productions hungariarren “It started with a dance” lanaz gozatu ahal izango dute. “L’envers” dantza eta zirku pieza da, akrobata bat eta dantzari bat ari diren belar artifizialeko zirkulu batean oinarritzen dena, gune hori borroka eremu bilakatuz. Bandart Productions taldearen emanaldiak, berriz, multimedia ikuskizunera eramango gaitu, zuzeneko eta 3Dko proiekzioekin, dantzari baten eta esku erraldoi baten arteko jolasa sortzeko.

Beste alde batetik, eta estreinaldiak ez badira ere, azpimarragarria da beste konpainia batzuen antzezlan finkatuen eta ezagunen kalitatea, horiek ere lehenengo egun honetan jarraitu ahal izango ditugunak. Oso automata bereziak erabiltzen dituen Toti Toronell katalanaren “Libelu.la”; Claire Ducreux dantzari frantsesaren “Silencis”; edo Maduixa konpainia valentziarren zango gaineko dantza erakutsiko digun “Mulïer” izango dira.

Egitaraua osatzeko, La Malette konpainia frantziar-uruguaidarra; Hortzmuga Teatroa eta “Femmes” ikuskizun ibiltaria; Amaia Elizaran, “Raw” lanarekin; Karla Kracht & Andrés Beladiez “6 below nothing” ikuskizunarekin; MDV Danza eta bertako Mikel del Valle dantzariaren “Fundiendo el hierro” emanaldia; Cristina Solé, “Wet floor” lanarekin; Têtes de Mules, “L’entresort” ikuskizunarekin; eta Turukutupá, “Basuromio” lana eskainiz. María Villate konpainiak bertan behera utzi behar izan du bere emanaldia azken unean, interpreteak lesio bat izan duelako.

Profesionalei zuzendutako jarduerak
Ikuskizunera hurbiltzen diren pertsonentzat azoka, modu ofizialean, gaur 18:00etan hasiko den arren, Umore Azoka Leioa lehenagotik hasita dago profesionalentzat. Umore Azoka Leioaren azoka izaerako osagaia da. Urtero 200 profesional baino gehiago eta beste horrenbeste artista erakartzen ditu, esperientziak konpartitzeko eta ezagutza trukatzeko.

Horrela, gaur SAREAren – Antzokien Euskal Sarearen, Batzar Nagusia eta Artekale-SAREA II. topaketa egingo dira. Topaketa horretan Artekaleko konpainiek euren proiektuak aurkeztu dituzte Euskadiko antzokien arduradunen aurrean. Aldi berean, Artekale espazioa jarriko da martxan eta, arratsaldeko 17:00etatik aurrera, ongi etorria emango zaie Umore Azoka Leioako edizio honetako partaideei eta profesionalei, eta modu ofizialean inauguratuko da XVIII. edizioa.

Partekatu:

Itzuli

Copyright 2010 · Leioako Udala
  • Kaskadako estilo-orriak erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa
  • Logotipo de cumplimiento de segundo nivel de accesibilidad
  • XHTML kodea erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa