Leioa
Bilaketak
Igandea, 2024ko Uztailaren 07a
Hemen zaude: Hasiera » Zure Udala » Albisteak

Albisteak RSS

2017-05-12 Euskadiko 20 konpainiak hartuko dute parte Umore Azoka Leioan, estreinaldi izango diren 14 ikuskizunekin
compañias umore / umore konpainiak

Umore Azoka Leioa, Leioako Udalak antolatutako Kaleko Artisten Azoka, Euskadiko kaleko arte sorkuntzaren erakusleiho nagusi bilakatuko da berriro ere, estreinaldi izango diren 14 ikuskizun aurkeztuko dituzten EAEko 20 konpainiaren presentziarekin. Horrez gain, Iparraldeko bi konpainia ere etorriko dira eta, ondorioz, aukeratutako konpainien ia erdia Euskal Herrikoak izango dira.

Maiatzaren 18tik 21era Leioan ospatuko den azokan euskal sektore profesionalak izango duen presentzia garrantzitsuak, Umore Azoka Leioak bertako kulturaren sustapenarekin duen konpromisoa erakusten du, Euskadiko Artxibategi Historikoan atzo egin zen aurkezpen ekitaldian Mari Carmen Urbieta Leioako alkateak azpimarratu zuen bezala. Ekitaldian Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko Zuzendariak ere hartu zuen parte.

“Leioan gure konpainien aldeko apustua egiten dugu, baina baita kalitatearen aldekoa ere eta, zorionez, talentu izugarria duen sektore profesional eta artistikoa dugu Euskadin”, adierazi zuen Urbietak. Aitziber Atorrasagastik berretsi egin zuen ideia hori. Bere esanetan, “Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntz Politika Sailaren helburu nagusietako bi gure sortzaileak babestea eta ahalik eta ikusgaitasun handiena izaten laguntzea dira”. Atorrasagastik gogorarazi zuenez, “22 euskal konpainiak hartuko dute parte, kalitatezko proposamenekin, publikoarengana heltzea bermatzen duen hitzordu honetan”.

Umore Azoka Leioaren XVIII. edizioan parte hartuko duten EAEko 20 konpainiak hauek dira: Amaia Elizaran, Cía. Barré, Cía. Tornado, Compañía Eva Guerrero, Compañía Trotamundos, El Gran Rufus, El Mono Habitado, Ertza Dantza, Garazi & Cía., Haatik Dantza Konpainia, Hortzmuga Teatroa, Jaiotz Osa, Kukai Dantza & Brodas Bros, Lekittoko Deabruak, MDV Danza, Mugmus Laborategia, Shakti Olaizola, Teatro a la Boina, Trapu Zaharra, eta Turukutupá. Horrez gain, Iparraldeko Bilaka eta Tetes de Mûles taldeek ere hartuko dute parte.

Bertako eszenak ere bere lekua izango du azokako espazioan, eta bigarren urtez jarraian, eskaintza orokorrari Leioako konpainien emanaldiak gehitu zaizkio. Horrela, “Tokiko Eszena” programaren barruan, Leioako Musika Bandak “Sustraiak” kontzertua eskainiko du. Horrez gain, kontzertu horrekin bere 20 urteko existentzia ospatuko du.

Euskal konpainiek azokarekiko erakusten duten interesa agerian geratzen da, baita ere, aurreikusitako estreinaldi kopuru garrantzitsuan. 14 ikuskizun lehen aldiz ikusi ahal izango dira Leioan. Horrek argi eta garbi erakusten du Umore Azoka Leioaren hitzordua “gorriz markatuta” dagoela euskal konpainien agendetan.

Programazio kaleidoskopikoa
XVIII. edizioan parte hartuko duten konpainien aukeraketarako 500 proposamen baino gehiago aztertu dira. Horrela, jarduera egitarau trinkoa eta kaleidoskopikoa diseinatu da, berrikuntzaren eta aniztasunaren aldeko apustua eginez eta, batez ere, pertsona orok, gehien atsegin duen ikuskizuna aurkitu ahal izango duen diziplina anitzeko ikuskizun aukera zabala eskainiz.

Horrela, Umore Azoka Leioan mota guztietako generoek izango dute lekua, musikak, bertsolaritzak, magiak, clownak, pirotekniak, multimediak, txotxongiloek eta automatek, eta baita fakirismoak ere. Eta beste gauza bat ere izan behar da kontuan, horietako gehienak Leioako kaleetan ikusi ahal izango direla lehen aldiz.

Umore Azoka Leioan parte hartuko duten euskal konpainietako zenbait Bilbon atzo egin zen aurkezpen ekitaldian egon ziren. Bertan, “El Gran Rufus”-ek “Pink impact” ikuskizunaren zati bat eskaini zuen. Konpainia guztiek ikus-entzuleak eta agertokiak konpartituko dituzte Estatuko beste lekuetatik eta beste herrialde batzuetatik etorritako beste 28 konpainiarekin. Guztira, 51 ikuskizun eta 150 emanaldi baino gehiago eskainiko dituzten 50 konpainia hartuko ditu azokak.

Leioako Udalak azpimarratu egin zuen, baita ere, Umore Azoka Leioaren konpromisoa, eta Kukai Dantzaren eta Brodas Bros katalanen “Topa” ikuskizuna Leioako azokak ekoiztu duela gogorarazi zuen, Oloteko Sismògraf-ekin batera. Euskal dantza tradizionala eta hip-hop-a elkartzen dituen “Topa” Leioan estreinatuko da aurten.

Alderdi profesionalaren barruan, azokako 4 egunetako goizetan batez ere egingo diren jarduera paraleloez gain –Artekale espazioan, batez ere–, 3 sari nagusiekin jarraituko da: Kaleko ikuskizun hoberenaren saria, Euskadiko kaleko ikuskizun hoberenaren saria, eta garrantzia hartzen ari den ikuskizun/artista hoberenaren saria. 2016an, irabazleak Philo&Jole “Mr. Pichichi” ikuskizunarekin, Compañía Vendaval “Soif” lanarekin, eta Larrua konpainia “Larrua” ikuskizunarekin, izan ziren.

Gogorarazi behar da ostiralean, maiatzaren 19an, 14:30ean, XVIII. edizioan parte hartuko duten konpainien harrera ofizial ekitaldia egingo dela eta Umore Azoka Leioa 2016ko sariak banatuko direla. Ekitaldia Mendibile Jauregian egingo da, eta Umore Azoka 2017 Sari Berezia ere bertan banatuko da.

Partekatu:

Itzuli

Copyright 2010 · Leioako Udala
  • Kaskadako estilo-orriak erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa
  • Logotipo de cumplimiento de segundo nivel de accesibilidad
  • XHTML kodea erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa