Leioa
Bilaketak
Igandea, 2024ko Uztailaren 07a
Hemen zaude: Hasiera » Zure Udala » Albisteak

Albisteak RSS

2017-05-08 Umore Azoka Leioak eta Artekalek “Arteen Sukaldaritza” irekiko dute, kaleko arteen gizarte balioari eta kontakizun mediatikoari buruzko gogoeta egiteko
umore cocina / umore sukaldaritza

Umore Azoka Leioak “Arteen Sukaldaritza” irekiko du, Artekaleren, Euskadiko Kaleko Arteen Elkartearen, eskutik, adituek eta profesionalek kaleko arteen garrantziari eta horien gizarte balioari buruzko gogoeta egin dezaten. Maiatzaren 9an eta 10ean Kultur Leioan egingo diren topaketetan, Madrilgo Unibertsitate Konplutenseko María Velasco irakasleak, Bartzelonako SMUCeko Xavier Fina irakasleak eta Lucía Litjmaer eta Aida Pallarés kazetariek hartuko dute parte, besteak beste.

“Arteen Sukaldaritza” Umore Azoka Leioatik sektorearekin batera egiten den etengabeko lanetik sortutako ekimena da, eta gogoetarako eta lanbide prestaketarako espazioa sortu nahi du. Hogeita hamar pertsona inguru akreditatu dira. Egitaraua bi saiotan banatu da, azterketa eta gogoeta prozesua errazteko.

Asteartean, maiatzaren 9an, arratsaldeko 15:00etatik 19:00etara, topaketak “Kaleko Arteen gizarte balioan” zentratuko dira. María Velasco eta Xavier Fina irakasleek, Umore Azoka Leioa bezalako kultur programetan hainbeste ikusten ez diren eta neurtzeko zailagoak diren balioak aurkeztuko dituzte, ikuspegi akademikotik. Helburua, soilik jaiarekin erlazionatuta dagoen kaleko arteen ikuspegia gainditzea eta gizarterako dakartzaten onura guztietan zentratzea da.

Hurrengo egunean, asteazkenean, maiatzaren 10ean, jardunaldia “Kaleko Arteen kontakizun mediatiko berriari” buruzkoa izango da. Goizeko 10:00etatik 14:00etara, partaideek, komunikabideek kaleko arteak lantzeko eta gizarteak arte horiek ulertzeko duten modua aldatzen lagun dezaketen estrategiak identifikatuko dituzte, kontakizun egiazkoagoa eta sektorearen benetako errealitatetik gertuago egongo dena lortzeko.

Azoka profesionala
“Arteen Sukaldaritza” Umore Azoka Leioaren XVIII. edizioko jarduera paraleloen arteko lehenengoa da, baina ez bakarra. Jardunaldi horrez gain, hainbat erakunderen batzarrak ere egingo dira, SAREArena-Antzokien Euskal Sarearena eta Kaleko Arteen Profesionalen PATEA Elkartearena, besteak beste, eta baita Artekale Espazioan egingo diren topaketa azkarren edo Umore Meeting izenekoen saioak ere.

Jardunaldi profesional horiek maiatzaren 18ko, 19ko eta 20ko goizetan izango dira. Horrela, sektoreko erakundeen barne bilerei dagokienez, ostegunean, maiatzaren 18an, EAEko titulartasun publikoko antzokietako berrogeita hamar arduradun tekniko inguru bilduko dituen SAREAren Batzar Nagusia egingo da, eta baita Artekale-SAREA II. topaketa ere. Topaketa horretan Artekaleko konpainiek euren proiektuak aurkeztuko dituzte. Testuinguru horretan, ostiralean, maiatzaren 19an, 14:30ean, Mendibile Jauregian harrera ekitaldi ofiziala ospatuko da eta Umore Azoka Leioa 2016ko sariak eta Umore Azoka 2017 Sari Berezia banatuko dira.

Horrez gain, ostegunetik larunbatera, Umore Azoka Leioak Artekale Espazioa jasoko du. Bertan profesionalei zuzendutako jarduera ugari gauzatuko dira, eta horien artean azpimarragarriak izango dira Umore Meeting izenekoak, konpainien eta programatzaileen arteko negozio bilera azkarrak.

Sektore profesionalari zuzendutako jarduera horien bitartez, Umore Azoka Leioak indartu egiten du erreferentziazko merkatu gisa betetzen duen lekua, azokak irauten dituen 4 egunetan ordezkaritza artistikoarekin erlazionatutako 500 pertsona inguru (programatzaileak, sortzaileak, konpainien ordezkariak, azoka eta jaialdi zuzendariak) elkartuko baitira Leioan.

Partekatu:

Itzuli

Copyright 2010 · Leioako Udala
  • Kaskadako estilo-orriak erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa
  • Logotipo de cumplimiento de segundo nivel de accesibilidad
  • XHTML kodea erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa