Leioa
Bilaketak
Igandea, 2024ko Uztailaren 07a
Hemen zaude: Hasiera » Zure Udala » Albisteak

Albisteak RSS

2016-10-03 Egin zaitez Berbaldun
berbaldun / berbaldun

'Berbaldun: euskaraz egin dezagun' egitasmoak Leioan euskararen erabilera suspertzea du helburu. Euskara kalera atera gura dugu, jendeari euskaraz berba egiteko aukera eman, euskaraz berba egiteko ohitura sortu. Parte hartu nahi baduzu eman zure izena berbaldun.leioa@gmail.com helbidean edo 688 85 01 29 telefono zenbakira deitu edo whatsapp mezua bidali.

Egitasmoa, alde batetik, euskaldunei zuzendua dago. Izan ere euskaldunak garenok zeregin garrantzitsua daukagu ikasten ari direnei laguntzen, ikastetxean edo euskaltegian ikasi dutena kalean, naturaltasunez erabiltzeko lotsa eta beldurra gaindi dezaten. Horrez gain, Leioa bezalako herri batean, hainbat euskaldunek, bere inguruan euskaldunen dentsitatea txikia delako, ez daukate euskara erabiltzeko aukera handirik eta BERBALDUN egitasmoak aukera hori eskaintzen die.

Bestetik, euskara ikasten ari direnei zuzendua dago. Ikastetxeko edo euskaltegiko lau hormen artean ikasitakoa kalera ateratzen laguntzeko. Ikasgela barruko egoera kontrolatutik eguneroko bizitzako egora errealetara jauzi egitea ez baita askorentzat batere samurra, beldurra, lotsa eta ziurtasun faltaren ondorioz. BERBALDUN taldeetan apurka-apurka euskaraz jarduteko ohitura sortzen dute konfiantza eta ausardia handituz.

Horretarako baliabide nagusiena berba-taldeak dira. Astean ordu betez edo bi orduz euskaraz jarduteko taldeak, horixe da parte hartzaileei eskatzen zaien konpromisoa. Talde guztietan parte hartzen du BERBALDUN egitasmoaren dinamizatzaileak bertan izena ematen dutenak, hasieran batez ere, ez daitezen bakarrik edo umezurtz sentitu eta talde guztietan euskaldun oso bat gutxienez egongo dela ziurtatzeko.

2014-2015 ikasturtean 58 lagunek eman zuten izena berba-taldeetan parte hartzeko. Horrela 7 berba-talde osatu genituen. Izena emandakoen erdia baino gehiago emakumezkoak izan ziren (%62), eta adinari dagokionez 30-40 urte bitartekoak (%39) izan ziren nagusi.

2015-2016 ikasturtean % 68ko igoera izan genuen . 98 lagunek eman zuten izena eta 11 berba-talde osatu genituen. Gehienak emakumezkoak izan ziren (%69), eta adinari dagokionez 30-40 urte bitartekoak (%49).

201-2017 ikasturtean gure erronketako bat aurreko ikasturteko parte hartzaile kopurua mantentzea eta ahal bada handitzea izango da. Eta beste bat BERBALDUN egitasmoaren inguruan antolatzen diren bestelako jarduera osagarrietara (irteerak, hitzaldiak, irakurleen txokoa …) euskaldun gehiago erakartzea izango da.

Partekatu:

Itzuli

Copyright 2010 · Leioako Udala
  • Kaskadako estilo-orriak erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa
  • Logotipo de cumplimiento de segundo nivel de accesibilidad
  • XHTML kodea erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa