Leioa
Bilaketak
Astelehena, 2024ko Uztailaren 08a
Hemen zaude: Hasiera » Zure Udala » Albisteak

Albisteak RSS

2015-09-22 Berbaldun: Euskaraz berba egiteko eta euskaraz bizitzeko taldeak
Berbaldun / Berbaldun

'Berbaldun: euskaraz egin dezagun' egitasmoak Leioan euskararen erabilera suspertzea du helburu. Euskara kalera atera gura dugu, jendeari euskaraz berba egiteko aukera eman, euskaraz berba egiteko ohitura sortu. Parte hartu nahi baduzu eman zure izena berbaldun.leioa@gmail.com helbidean edo deitu 688 85 01 29 zenbakira.


Egitasmoa, alde batetik, euskaldunei zuzendua dago. Izan ere euskaldunak garenok zeregin garrantzitsua daukagu ikasten ari direnei laguntzen, ikastetxean edo euskaltegian ikasi dutena kalean, naturaltasunez erabiltzeko lotsa eta beldurra gaindi dezaten. Horrez gain, Leioa bezalako herri batean, hainbat euskaldunek, bere inguruan euskaldunen dentsitatea txikia delako, ez daukate euskara erabiltzeko aukera handirik eta BERBALDUN egitasmoak aukera hori eskaintzen die.

Bestetik, euskara ikasten ari direnei zuzendua dago. Ikastetxeko edo euskaltegiko lau hormen artean ikasitakoa kalera ateratzen laguntzeko. Ikasgela barruko egoera kontrolatutik eguneroko bizitzako egora errealetara jauzi egitea ez baita askorentzat batere samurra, beldurra, lotsa eta ziurtasun faltaren ondorioz. BERBALDUN taldeetan apurka-apurka euskaraz jarduteko ohitura sortzen dute konfiantza eta ausardia handituz.

Horretarako baliabide nagusiena berba-taldeak dira. Astean ordu betez edo bi orduz euskaraz jarduteko taldeak, horixe da parte hartzaileei eskatzen zaien konpromisoa. Talde guztietan parte hartzen du BERBALDUN egitasmoaren dinamizatzaileak bertan izena ematen dutenak, hasieran batez ere, ez daitezen bakarrik edo umezurtz sentitu eta talde guztietan euskaldun oso bat gutxienez egongo dela ziurtatzeko.

2014-2015 ikasturtean 58 lagunek eman zuten izena berba-taldeetan parte hartzeko. Erdia baino gehiago emakumezkoak izan dira (%62) eta 30-40 urte bitartekoak (%39). Euskara mailari dagokionez, euskaldunak %19 izan dira, beraz, gehienak euskara ikasten ari direnak .
7 berba-talde ia ikasturte osoan zehar elkartu dira, partaideen kopuruan gorabeherak egon badira ere. Hauetatik 3 astean ordubetez eta beste 4ak bi orduz. Talde hauetako bik uztailean ere jarraitu zuten.

Berba-taldeez gain bestelako ekintzak ere antolatu ziren: EITB ezagutzeko bisita, mendi irteerak Muñarrikolandara eta Supelegorrera, Euskararen jatorkiaz eta Bizkaiaren jatorriaz hitzaldiak, ibilbide toponimikoa Leioan zehar eta Berbodromoa.

2015-2016 ikasturtean egitasmoa sendotu gura dugu, batez ere gazteen eta euskaldunen parte hartze handiagoa lortu, talde kopurua handitu, ekintza gehiago eskaini … azken batean euskaldunen eta euskara ikasten ari direnen arteko harremanak handitu.
Horretarako denon beharra daukagu, baita zeurea ere. Horregatik Berbaldunen izena ematera gonbidatzen zaitugu.

IZENA EMATEKO: berbaldun.leioa@gmail.com helbidean edo deitu 688 85 01 29 zenbakira.

Partekatu:

Itzuli

Copyright 2010 · Leioako Udala
  • Kaskadako estilo-orriak erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa
  • Logotipo de cumplimiento de segundo nivel de accesibilidad
  • XHTML kodea erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa