2015-03-06
Leioako emakume kirolarien aldeko omenaldia martxoaren 8aren inguruko ekitaldien gunea
Emakumeen Eguna da igande honetan, martxoak 8, eta antolatuta dauden ekintzen erdigunean, Leioako emakume kirolarien aldeko omenaldia dago. Sakoneta kiroldegian egingo da omenaldi hori, goizeko 11:00etan.
“Kirolean ere Leioako emakumeak harro eta trebe” lelopeko kanpainaren protagonistek, omentzen diren 13 kirol klubetakoak, ekitaldian parte hartuko dute, baita honako klub hauetako zuzendaritzako zenbait kidek ere: Sakoneta Gimnasia Erritmiko Taldea, Leioako Eskrima Kluba, Leioa Judo Taldea, Leioa Mendi Taldea, Leioa Saskibaloi Taldea, Leioa Txirrintxu Taldea, Leioa Waterpolo Taldea, Leioako Altzaga Xake Kirol Elkartea, Leioako Kastoreak, Leioa KE, Irristaketa Taldea, Maia Fútbol Taldea eta Leioa Atletismo Kluba.
Omenaldian, Mª Carmen Urbieta alkatearen eta Isabel Garcíaren, Gizarte Ekintzako zinegotzia, eskutik, Leioako Udalak esker ona adieraziko die klub horiei beren konpromiso, inplikazio eta lanagatik emakumezkoen kirolaren alde gure udalerrian.
Halaber, ohorezko aurreskua eskainiko die Idoia Bilbao txistulariak eta Haizea Hormaetxea dantzariak osatutako bikoteak. Euren partaidetzak, gainera, emakumeek euskal kulturari ekarri dioten eraldaketa eta berdintasunaren adibide gisa balio du. Bikote horren partaidetzarekin, emakumeen berdintasun eta normaltasun eredu eman nahi izan da kultura arloan eta gizartean.
Ondoren, 12:00etan, Bulebarrean, elkarretaratzea egingo da Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta. Leioaztar guztiak zaudete bertan parte hartzera gonbidatuta.