Artatzako Guardaren Etxetxoko udal bulegoa zabaldu berri dugu, Pinuetako bulego zaharra ordeztuko duena. Horrela, ahal den neurrian, ohiko tramiteen kudeaketa erraztuko zaie inguruko auzotarrei.
Zerbitzu horrez gain, Etxetxoak txoko bat edukiko du, San Bartolomeko Kulturgunekoaren antzekoa, eta bertan, Pinueta, Ibaiondo eta Lamiako-Txopoetako leioaztarrek euren batzar sozial eta gastronomikoak egin ahal izango dituzte.
Udal lokal berri hori irekitzearekin batera, Sakonetako igerilekuak ere berriz ireki dira. Birgaitza obra inportanteak egin dira, beharrezkoak zirenak, eta horiei esker, igerilekuak inoiz baino hobeto daude. Kanpoko itxura ohikoa den arren, teilatuko obrak baliatu dira beste aspektu batzuk hobetzeko. Adibidez, oraindik aurrera, ura desinfektatzeko lanaren parte bat izpi ultramoreekin egiten da, eta ondorioz, kloro gutxiago erabili behar da, erabiltzaileen onerako. .
Birgaitze lanekin, egunero aldatzen den ura gure herriko kaleen garbiketan erabiltzeko sistema berria jarri da, eta horrela, aurrezteaz gain, gero eta jasangarriago izateko helburua betetzen goaz.
Urtea nobedadez lepo hasi da, eta oraindik, gehiago daukagu aurretik, epe laburrean martxan jarriko diren gauzak. 2015a, beraz, Leioan, ilusioz beteriko urtea izan daitekeela ematen du.