2015-02-05
Nik Mash Up Leioa: identitate, bake eta bizikidetzari buruzko ikus-entzunezko egitasmoa
Leioak bat egin du Nik Mash Up webguneko bake eta bizikidetzari buruzko egitasmoarekin. Hogeita bi gaztek parte hartu dute identitate, gatazka eta bizikidetzari buruz leioaztarrek dituzten iritziak batzen dituen ikus-entzunezko mosaikoa (mash-up) sortzen.
19 eta 27 urte bitarteko gaztez osatutako talde hori Mendibile Jauregian batu zen eta hainbat gai jorratu zituzten bertan: euskal identitatea, aniztasuna, gatazka, bizikidetza eta bakea, hausnarketa eta elkarrizketa oinarri zituen prozesuaren bidez. Adostutako galdeketa sortu zuten, eta ondoren, leioaztarrak elkarrizketatu zituzten kaletik. Horrela, euskal identitateen eta horiek gatazkarekin eta bizikidetzarekin duten harremanari buruzko kontakizun zatikatu eta anitza eratu zuten.
Elkarrizketak, partaideen iritzi batzuk eta ekimenaren making off-a www.nikmashup.com orrian daude ikusgai. Gainera, eta sormen prozesu parte hartzaile, ireki eta adin guztietarakoa denez, gizabanakoek eta taldeek euren iritzia gehitzeko aukera dute, aipatu webgunean euren grabazioa eskegiz.
Leioako Udalaren egitasmoa da Nik Mash Up Leioa, Ubiqa-k diseinatu eta garatuta GEUZen laguntzarekin (Gatazkak Eraldatzeko Unibertsitate Zentroa).