Leioa
Bilaketak
Igandea, 2024ko Uztailaren 07a
Hemen zaude: Hasiera » Zure Udala » Albisteak

Albisteak RSS

2014-10-06 Euskaraz hitz egiteko aukera duzu Berbaldunekin
Berbaldun / Berbaldun

Azken urte hauetan euskararen ezagutzan aurrerapauso handiak eman dira, bai irakaskuntzaren bidetik, bai helduen euskalduntzean egindako lanari esker, eta, nola ez, familia barruko transmisioagatik.

Horrek, baina, ez du ekarri igoera nabarmenik euskararen erabileran. Eta egindako lan hori guztia alferrik gal ez dadin, Leioako Udalak, Mastitxu Udal Euskaltegiaren eskutik, herriko euskaldunak eta euskara ikasten ari diren guztiak animatu nahi ditu BERBALDUN egitasmoan parte hartzera.

Horretarako berba-taldeak osatu nahi ditugu, Taldeetan pertsona euskaldunak eta euskalduntze prozesuan daudenak batu nahi ditugu. Izan ere azken horiek, askotan, ez daukate inguru hurbilean euskara erabiltzeko aukera handirik, horrek euskara erabiltzeko ohitura falta dakarkie, eta ondorioz, kasu askotan euskaraz berba egiteko beldurra, lotsa eta erraztasun eza. Horrek guztiak euren prozesua moteldu eta luzatu egiten du, batzuetan desanimatu egiten dira eta prozesua bertan behera uzten dute. BERBALDUN egitasmoak horri aurre egiten lagundu nahi die,ikas-prozesua azkartuz eta ikusaraziz eguneroko bizitzan euskara erabiltzeko gai direla.

Askotan gauza bera gertatzen zaie ikas-prozesua amaitu dutenei. Ahalegin handiz lortu duten mailari ezin izaten diote eutsi luzaroan, baldin eta euren inguruan euskaldunik ezagutzen ez badute eta norekin praktikatu ez baldin badaukate.

Eta euskaldunok horretan lagundu ahal diegu euskaltegien eta kalearen artean dagoen jauzia gainditzen, euskaltegietan ikasitakoa kalean, eguneroko bizitzan praktikan jartzen. Beste modu batean esanda, euskara ikasten ari direnak eta ikas-prozesua amaitu dutenak euskal mundura hurbiltzen eta bertan txertatzeko zubi-lana egiten. Euren hizkuntza ohiturak euskarara lerratzen, azken batean.

Gainera, beste hizkuntza batzuen kasuan (ingelesarena da nabarmenena) barneratuta daukagu jatorrizko hiztunen hitz egiteko moldeetara hurbiltzeko ezinbestekoa dela kanpora joatea hizkuntza praktikatzera. Euskararen kasuan ez daukagu kanpora joan beharrik, herrian bertan praktikatu ahal dugu jatorrizko hiztunekin. Horixe da BERBALDUN egitasmoak berba-taldeen bidez eskaintzen duena.

Berba-taldeak, ahal den neurrian, interes komunak dauzkaten pertsonez osatuko ditugu taldeak: gurasoak, auzo bereko lagunak, zaletasun bera dauzkaten pertsonak … Astean ordubetez (gehiago ere izan daitezke) elkartuko dira eguneroko kontuez euskaraz aritzeko. Talde hauetan BERBALDUN egitasmoaren dinamizatzaileak parte hartuko du, batetik berba-taldeetako partaideak umezurtz senti ez daitezen, eta bestetik talde guztietan euskaldun bat gutxienez egongo dela ziurtatzeko.

Berba-taldeek ordutegi zabala izango dute, goizeko 9:00etatik gaueko 21:00etara antolatuko dira taldeak, eta izena emateko bide bat baino gehiago:

• Mastitxu euskaltegiaren web orriaren bitartez, BERBALDUN laukitxoan: www.euskaltegileioa.com
• E-mail bidez mezua bidaliz helbide honetara: berbaldun.leioa@gmail.com
• Telefono bidez, Mastitxu euskaltegira deituz: 944640002

Berba-taldeez gain bestelako jarduerak ere antolatuko ditugu: hitzaldiak, solasaldiak, tailertxoak edo irteerak. Jarduera hauek herritar guztientzat izango dira.

Honi guztiari gaur, urriak 3, emango diogu hasiera prentsaurrekoaren bitartez, eta hilabetean zehar bost totem egongo dira herriko hainbat puntutan: Mastitxu euskaltegiaren aurrean, Kultur Leioaren kanpoko aldean, Sakoneta kiroldegiaren aurrean, Udondo bulebarrean eta Lamiakon. Totem horietan dauden QR kodeen bitartez hainbat herritarrekin grabatutako bideoak ikusi ahal izango dira. Bideo horietan BERBALDUN bezalako egitasmoek eta oro har euskaraz egiteak dauzkan onurak azpimarratzen dira.

Herritar guztiak animatu nahi ditugu bai BERBALDUN egitasmoan izena ematera, bai telefonoaren bitartez bideoak grabatzera eta BERBALDUNekin partekatzera.

Informazio gehiago:

Mastitxu Udal Euskaltegia

Partekatu:

Itzuli

Copyright 2010 · Leioako Udala
  • Kaskadako estilo-orriak erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa
  • Logotipo de cumplimiento de segundo nivel de accesibilidad
  • XHTML kodea erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa