Udako atarian gaude, eta udaz gozatzeko, aurten ere, Leioak Torresoloko kanpoko igerilekuak irekitzen ditu, umeek eta helduek aukera freskagarriaz gozatzeko kirol eta aisiarako ekipamendua.
Gainera, Leioako gurasoek Udalak antolatutako udalekuen aukera izango dute uztailean zehar denbora antolatzeko erraztasunak eduki ditzaten. Lan egutegiak umeez disfrutatzea eragozten digu, eta beraz, udan, familiek komeriak dauzkate lana eta familia uztartzeko. Horretan laguntzeko asmoz, Leioako Udalak, urtero, udaleku ezberdinak eskaintzen ditu Leioako ume eta gazteentzat, 3 eta 17 urte bitartekoentzat hain zuzen ere.
Udatxiki, UDA eta Leioan Uda Gaztea udalekuekin batera, zenbait kirol elkartek ere euren kirol udalekuak antolatzen dituzte, Leioako gazte guztiei irekiak.
Planak izan zein ez, inportanteena da udari zuku guztia ateratzea, ezinbestekoa baita gero lanera edo ikasketetara bueltatzeko pilak ondo kargatuta.