Leioa
Bilaketak
Larunbata, 2024ko Uztailaren 06a
Hemen zaude: Hasiera » Zure Udala » Albisteak

Albisteak RSS

2014-03-26 Leioako Umore Azokak 45 ikuskizun bilduko ditu aurten, artean 17 estreinaldi
umore 2014 / umore 2014

Aurreko urteetan legez, interes handia piztu du jada kaleko arteen erreferente bilakatu den topaguneak eta hirurehunetik gora proposamen artistiko jaso izan ditu, bertan parte hartzeko esperantzarekin. Antolatzaileek, ondorioz, samur bezain gogotsu jardun dira -kartelak erakusten duen bezala betaurreko eta guzti, xehaztasunei erne- gertutasunetik nazioartekora begirada eskaintzen duen egitaraua eratzeko xedez.

Lau egunetan zehar 45 ikuskizun aurkeztuko dituzte Umore Azokako hamabosgarren edizioan parte hartzeko aukeratutako 43 konpaniek, eta ehunetik gora emanaldi buruko dituzte. Antzerkia, zirkoa, dantza, performancea, klowna, instalazio artistikoak edota mikroteatroarekin gozatzeko parada izango du Leioara hurbildutako orok. Izan ere, sormen aldetik ezezik, jatorri geografiko ezberdinak uztartuko ditu aurtengo Umore Azokak: Euskal Herriko 14 konpainia ezberdinek 15 ikuskizun eskainiko dituzte, horietatik 8 estreinaldiak direlarik; Estatu espainoleko hainbat lekutatik bertaratutako beste 22 taldek 23 ikuskizun aurkeztuko dituzte, artean 8 estreinaldi; eta gainontzeko 7 konpainiak nazioarteko testuingurukoak izanik, guztiek bat izan ezik, lehendabiziz plazaratuko dituzte Estatuan euren sormen lanak.

Hamalau edizio burutu ondoren, Umore Azoka publiko ezberdinak biltzen dituen hitzordua bilakatu da, maiatz aldera lagunekin, familiartean edo bakarrik -zergaitik ez- elkarretaratzera dei egiten dituena, betiere ezuztekoei eta dibertsioari uko egiten ez dien eskaintza kulturalaren harira. Baina, halaber, arte eszenikoen arloan ari diren profesionalentzat ere ezinbestekoa izatea lortu du Umore Azokak, Leioa dutelako sormena aireratu eta arnasa hartzeko topaleku. Bertan, hurrengo hilabete eta urteetan gure herriko kale eta plazetan ikusiko diren ikuskizunak aztertu egiten dituzte kultur kudeatzaileek. Horren ondorio da urtero bertan ematen diren estreinaldiak. Aurten hamasei ikuskizun eskainiko dira estreinekoz, egitarau osoaren heren bat, Umore Azokak hartutako garrantziaren isla.

Izena emateko epea zabalik

Umore Azokaren hamabosgarren edizioa gainean dugu eta antolatzaileek profesionalek izena eman dezaten epea zabalduko du, bihar bertan, Nazioarteko Antzerki Egunarekin batera. Izena emateko www.umoreazoka.org webgunera jo behar da eta maiatzaren 2rako eskakizuna bete.

Profesionalen presentziak berebiziko garrantzia du Kaleko Arteen sektorearen ekonomia bultzatzeko eta ahalegin horretan dihardute antolatzaileak zein gonbidatutako konpainiak.

Umore Azokako antolatzaileak iaz gerturatu zen profesional kopurua gehitzea espero dute, guztira 162 lagun gerturatu zela negozioak egiteko asmoarekin. Kopuru horri, izenik eman gabe gerturatu ziren programatzaile, aholkulari, banatzaile eta konpainiek gehitu behar zaizkio, hauek ere Leioako gune publikoetan eskaini ziren ikuskizunekin gozatzeko aukera baliatu zutelako.

Partekatu:

Itzuli

Copyright 2010 · Leioako Udala
  • Kaskadako estilo-orriak erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa
  • Logotipo de cumplimiento de segundo nivel de accesibilidad
  • XHTML kodea erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa