2008-11-25
Igande honetan hasiko dira “Euskararen Naziarteko Eguna” ospatzeko ekintzak
Tabenaz taberna kantatu, euskarazko produktuen erakustokia, euskal dantzak eta kirolak izango dira protagonistak
Leioako Udalaren Euskara Zerbitzuak eta Kultur Leioak, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, hainbat ekintza antolatu dituzte aurten Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko “Leioa zabaldu euskarari” lelopean.
Igande honetan hasiko dira ekintzak eta datorren aste guztian zehar jarraituko dute. Hasteko, igande goizean, 12.00etatik 14.00etara, Kalekantuka ospatuko da. Ekintza honetan parte hartzera animatzen direnek tabernaz taberna arituko dira euskaraz kantuan. Horretarako izena eman behar izango da 94.607.25.76 telefonoan eta horrela kantu guztien letrak biltzen dituen liburuzka batu ahal izango dute interesdunek. Ibilbidea honakoa izango da; Eleizalde tabernan (Eleizalde etorbidean), Xcaret taberna (Ikea Barri plazan), Paddy O´Brian (Sabino Arana 78 zenbakian), Zazpi (Sabino Arana 67 zenbakian) eta Euskal Etxeen plazan kokaturik dagoen Arkupen amaitu.
Bestetik, abenduaren 2 eta 3an, Euskarazko produktuen erakusketa interaktiboa antolatuko da Kultur Leioako auditoriumeko anbiguan. Bertan, lau gune desberdin izango dira, jolas eta jostailuak, informatika, irakurketa eta musika zein filmen erakustokia. Horrela, gurasoek aukera ezin hobea izango dute euskarazko produktu hauek eskuratzeko.
Honetaz gain, abenduaren 3an, Euskal dantzetaz gozatzeko aukera izango dugu Errekalde Plazan –euria eginez gero Txomin Arestiko pilotalekuan-. Umeentzat zein helduentzat zuzendutako ekimena dugu hau, arratsaldeko 19.00etatik 21.00etara hurbiltzen diren guztiek dantzatzeko aukera izango dute, eta ez dakitenek ikasteko aukera paregabea izango dute. Ondoren, mokaduna antolatuko da.
Gainera, abenduak 5, arratsaldeko 20.00etan, Kultur Leioan, suspentsez eta umorez beteriko antzerki obra izango dugu ikusgai 6 eurotan, “Hor zaude?” lana, eta 6an eta 7an, larunbata eta igandean, zine gehiago: 17.30ean “Basoko ispiritua” -umeentzat- eta 20.00etan “Berri ona” -helduentzat-.
Egitarau hau prestatzeko ikastetxeen laguntza ere ezinbesteko izan da, zehazki bost ikastetxek bost ekintza desberdin prestatu dituzte abenduaren 1etik 5era garatzeko 17.00etatik 19.00etara. San Bartolome eskolan eskupilota, Lamiakon futbola, Txomin Arestin saskibaloia, Altzagan herri kirolak eta Artaza-Pinueta eskolan patinajea. Horrenbestez, kirol guztietan parte hartzen dutenek kamiseta bat lortzeko aukera izango dute.
Partekatu:
Itzuli