2024-12-08
EUSKO JAURLARITZAKO GOMENDIOAK: Denboraleak eta ekaitzak
Hona hemen Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren aholkuak ekaitzak lehertzen direnerako, ondorio txarrik ez egoteko, edo ahalik eta gehien murrizteko:
HERRITARRENTZAKO GOMENDIOAK:
Prebentzioko neurriak:
* Ekaitz arriskuaren abisua jasoz gero, ez atera mendira edo ur-kirolak egitera Larrialdietan hartu beharreko neurriak:
Funtsean, lur zabalean sortzen da ekaitzek pertsonentzat duten arriskua. Hortaz, ekaitza batek eragindako arrisku egoeraren aurrean mendialdean bazaude, hauxe egitea gomendatzen da:
* Jaitsi muino, mendixka eta bizkarretatik.
* Ez jarri aterpe bila zuhaitz bakartien pean.
* Aldendu alanbre-hesi, hesi eta edonolako gauza metalikotatik. Ez ukitu metalezko ezer.
* Tximisten arriskua sumatzen baduzu, jarri kukubilko, oinak elkartuta, besoak belaunen gainean gurutzatuta eta sartu burua besoen artean.
* Bizikletaz bazoaz, bizikleta bertan laga eta alde egin.
* Ekaitzak arrantzan harrapatzen bazaitu, askatu bertan kanabera.
* Orobat, golfean ari bazara, urrundu makiletatik.
* Igerilekuan, errekan edo hondartzan bainatzen ari bazara, irten uretatik berehalakoan.
* Ez sartu babes bila nahiko sendoak ez diren eraikinetara, edo bihitegi, hangar, estalpe edo kanpin-dendetara.
* Gidatzen ari bazara eta bat-batean ekaitza lehertzen bada, gogoan izan, ateak itxita baditu, ibilgailua bera aterpe ona izan daitekeela. Edonola ere, mantsotu, adi-adi egon, eta ez geratu ur asko pasa daitekeen lekuetan.
Gogoan izan, herri barruan ere badago tximista erortzeko arriskurik. Hortaz, kontuan hartu hau:
* Kalean, eraikinen estalpean jartzea ona izan daiteke deskargetatik babesteko.
* Kontu izan, adar, kartel edo hormarik ez jausteko gainera.
* Etxe barruan, saihestu aire-korronteak, tximistak erakartzen dituzte-eta. Horregatik gomendatzen da ateak eta leihoak ixtea, ekaitza badago.
* Eduki linterna, kandela eta halako argi autonomoak eskura, elektrizitatea eteten bada.
* Deskarga elektriko handia badago, deskonektatu etxe-tresna elektrikoak eta telebistaren antena, tentsio-gorakadak kaltetzea edota deskarga elektrikorik eragin ez dezaten saihesteko.
Larrialdietan, deitu 112 zenbakira.
Hona hemen Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren aholkuak denboraleak gertatzen direnerako, ondorio txarrik ez egoteko, edo ahalik eta gehien murrizteko:
* Errespetatu arriskutsuak izan daitezkeen eremuetara sartzea debekatzen duten seinaleak, eta ez sartu horietara.
Urrundu olatuak lehertzen diren lekuetatik (haitz, kai-mutur, moila…).
* Ez hurbildu itsas pasealeku, kai-mutur edo itsas labarretara. Uraren indar handiak eraman egin zaitzake.
* Gogoratu zure bizitza bideo edo argazki bat baino garrantzitsuagoa dela.
* Ez joan ibilgailuz kostako errepideetan.
* Urpekaritza egitekoa bazinen, utzi beste baterako.
* Saiatu ontzirik ez erabiltzen, eta begiratu zurea ondo amarratuta dagoen.
* Ez egin uretako kirolik, ezta inondik ere.
Larrialdietan hartu beharreko neurriak:
* Itsasora erortzen bazara, urrundu olatuak lehertzen diren lekutik, laguntza eskatu eta itxoin erreskatatu arte.
* Olatuek eramaten bazaituzte, lasai egon, eta ez egin igeri korrontearen kontra; kostako korronteek indarra galtzen dute tarte batzuetan.
Larrialdietan, deitu 112 zenbakira.
Gomendatzen dugu Euskalmet web-gunearen bidez http://www.euskalmet.euskadi.eus eta Twitter bidez (@Euskalmet eta @112_SOSDeiak) eguneratzen diren iragarpenak jarraitzea.