Larunbat eguerdian matxura bat jazo zen Eskuinaldeko eta Uribe Kostako hornidura-bide nagusietako batean. Orduan, matxura isolatuta ura beste gune batzuetatik bideratu genuen sarera, udalerri guztietan hornidura bermatzeko; halere, unean uneko hornidurarik eza egon zen udalerri batzuetako zenbait eremutan, airea sartzearen eta presio-jaitsieren ondorioz.
Matxurak uhertasuna eragingo zuela jakitun, ur-kalitate arloko gorabeheretan esku hartzeko taldea bildu zen berehala —eta bilduta jarraitu du 48 orduan etenik gabe— gorabeheraren jarraipena egiteko. Hamabi lagunetik gora aritu dira landa-lanetan, eta beste horrenbeste jardun dira kudeaketa-lanetan, sarean purgaketak egiten eta ur-kalitateari buruzko datuak hartzen (laginak), esku hartzeko taldeari helarazteko.
Oinarri hartuta datuok, larunbatean abisua zabaldu genuen Loiuko, Erandioko eta Zamudioko udalerrietan EZ kontsumitzeko gomendioa egiteko. Atzo, igandea, eta neurketen emaitzak oinarri hartuta, Mungia gehitu zen. Leioari dagokionez, hartutako laginetan behar bezalako emaitzak izan dira une oro, alde batera utzita Artatzako aldean izaniko unean uneko uhertasun-egoerak, sareko purgaketen bidez konpondutakoak.
Leioako parametroak zuzenak izaki, ez da ez kontsumitzeko gomendioa egiten.
Baliteke eremu batzuetan hondar-uhertasunik geratzea asteburuan txorrota ireki ez izanaren ondorioz. Horregatik, Leioan, uhertasunak eragindako eremuen inguruan, ura irteten uzteko gomendio orokorra egiten da. Herritarrak lasai egon daitezen, sarean hondar-kloroa atzeman da egindako neurketa guztietan, baita Leioakoetan ere.