Leioa
Bilaketak
Igandea, 2024ko Apirilaren 28a
Hemen zaude: Hasiera » Zure Udala » Albisteak

Albisteak RSS

2023-11-28 Leioako udalak euskal kultura eta ohituretan oinarritutako programazioa diseinatu du Euskararen Nazioarteko Eguna eta Nekazaritzaren eta Abeltzaintzaren XXXIV. Azoka ospatzeko Azokaren XXXIV. edizioa abenduaren 3an, igandean, egingo da, eta 90 postu izango ditu, nekazaritza eta artisautza produktuekin. Gainera, ganadu erakustaldia, lehiaketak eta gastronomia dastaketak izango dira.
/

Leioak Euskararen Nazioarteko Eguna eta Nekazaritza eta Abeltzaintza Azoka ospatuko ditu, euskal ohituretan eta kulturan oinarritutako programazioarekin. Leioako kaleak herri kirolez, euskal dantzaz, bertsolaritzaz, euskal musikaz, dastaketez eta lehiaketa gastronomikoz beteko dira. Eskaintza honek aisialdi kulturaleko jarduerak ere hartzen ditu barne, euskara hutsean, batez ere adin txikikoei eta haien familiei zuzenduak, ipuin-kontalaria, escape room edo zine saioak kasu, eta ostegunetik, azaroak 30, astelehenera, abenduak 4, izango dira.

Iban Rodriguez Leioako alkateak gaur goizean aurkeztu du programazioaren xehetasunak komunikabideen aurrean. Adierazi duenez, aurten Euskararen Nazioarteko Eguna ohiko Nekazaritza eta Abeltzaintza Azokarekin bat etortzeak "aukera ematen digu Leioak jai- eta aisialdi-kutsuko programazio zabala izan dezan hainbat egunetan zehar, bai eta euskarak eta landa-munduak betidanik izan duten lotura estua balioesteko ere".

Alde batetik, Rodriguezek adierazi duenez, "leioarrentzat Nekazaritza eta Abeltzaintza Azoka hau oso garrantzitsua da, oso egun berezia, nekazaritzari eta abeltzaintzari ematen diegun babesaren eta aintzatespenaren erakusgarri".

Eta, bestetik, Leioako Udalak euskararen alde duen "konpromisoa eta apustua" ekarri ditu gogora: "programatutako jardueren helburua da gure kultura eta ohiturak ikusaraziko dituzten eta euskararen erabilera normalizatzen eta sustatzen lagunduko duten familientzako aisialdi-guneak sustatzea", "euskara kaleetara atera, hitz egin, entzun eta bizi nahi dugu, gero eta euskaldunagoa den Leioa bat nahi dugu", azpimarratu du.

EGITARAUA

Jai giroa abenduaren 1ean hasiko da, ostiralean, Trikileku musika taldeak Estartetxe eta Iparragirre zeharkatuko ditu eta Udondoko txikiteroak taldeak gauza bera egingo du Udondoko Boulevardean, bi kasuetan 19: 30etik aurrera.

Larunbatean, abenduak 2, 11:30etik aurrera, herri kirolek Sabino Arana hartuko dute, txikienentzat diseinatutako tailerrekin, hiru urtetik aurrera. Helburua familian gozatzea eta euskal herri kirolen inguruan gehiago ezagutzeko aukera izatea da.

Larunbatean bertan, 19:00etatik aurrera, Azoka Bertso Saioa ospatuko da Boulevardean, Peru Vidal, Josune Aramendi, Unai Iturriaga eta Eli Pagolaren eskutik, Beñat Vidalek proposatutako gaiekin.

Igandean, abenduak 3, 10:00etatik aurrera, Nekazaritza eta Abeltzaintza Azoka hasiko da. Oraingo honetan, Leioako Nekazaritza eta Abeltzaintza Azokaren XXXIV. edizioak nekazaritzako produktuen 90 postu izango ditu, eta Boulevardean eta Jose Ramon Aketxe eta Errekalde plazetan banatuko dira.

Goiz osoan zehar, animalien, behi eta idien, zaldien, ahuntzen eta ardien erakusketa izango da Errekalde plazan. Azokara joaten direnek "Behirik politena" lehiaketan bozkatu ahal izango dute, eta saski baten zozketan sartuko dira, produktu desberdinekin. Jose Ramon Aketxe plazan falkoneria erakusketa egongo da.

11:00etan, euskal dantzen txanda izango da: Gure Ohiturak Dantza Taldea Boulevarden eta Txikiak Txiki Dantza Taldea Errekalde plazan.
12:30ean, Herri Kirolak izango dira Errekalde plazan.

Ordubete geroago, 12:00etan, Idiazabal Gazta Jatorri-Deituraren Ekoizle Bizkaitarrentzako XXIII. Gazta Lehiaketa egingo da Bizkaiko "Leioako Udala" ekoizleentzat, eta gazta dastaketa Boulevardean.

Ordu berean, sasoiko perretxikoak eta onddoak eta Eusko Label sagardoa dastatzeko aukera izango da Ramon Aketze plazan, Zazpi Mikologia Elkartearen eta Eusko Labelen laguntzarekin.

Animazioa Leioako Txistu Doinuak eta Udondoko Txikiteroak taldeek egingo dute.

12:30etatik aurrera, Leioa Musika Bandak kalejira egingo du eta 14:00etan gazta lehiaketako sariak eta azokako produktuen saskiaren zozketa banatuko dira.

Leioak 15:00etan agurtuko du aurtengo XXXIV. Azoka.

EUSKARAZKO PROGRAMAZIOAREN BESTE KULTUR EKIMEN BATZUK

Leioako Udalak diseinatutako programazioak txiki eta gazteentzat eta haien familientzat pentsatutako aisialdi kulturaleko beste jarduera batzuk ere barne hartzen ditu.

Lupe Lekuona ipuin kontalaria Kultur liburutegira iritsiko da ostegunean, azaroak 30, 18: 00etatik aurrera. 3 eta 4 urte bitarteko haurrek familiekin gozatzeko doako jarduera da.

12 urtetik gorako gazteentzat, Udalak hiru ihes-saio antolatu ditu: lehena, azaroaren 30ean, osteguna, hiru txandatan, 17: 00etan, 17: 45ean eta 18: 30ean. Parte hartzeko, beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea. Bigarrena, abenduaren 2an, larunbata, 18: 00etatik aurrera, 8 urtetik gorako haurrentzat, eta bere familientzat. Udaletxeko frontoian elkartuko dira. Eta azkena, abenduaren 3an, igandea, 12: 00etatik aurrera, Udaletxeko frontoian, kasu honetan ere 8 urtetik gorako adingabeei zuzendutako jarduera da.

Azkenik, euskarazko bost zine saio ere izango dira. Larunbatean, hilak 2, eta igandean, hilak 3, 17: 30etik aurrera, sarrera 4 euro ordainduta, eta Bow Kuwai eta Museoaren Lapurreta proiekzioarekin, publiko guztiarentzat eta 20: 00etatik aurrera, sarrerak 5 eurotan, Bidasoa 20218-2023 ikusteko, haurrak ez diren publiko orokorrarentzat. Astelehenean, abenduak 4, Bidasoa 2018-2023 saio bat izango da berriro, 20: 00etan.

Leioako alkateak nabarmendu duenez, horrelako jarduerak programazioan sartzea "ez da kasualitatea", azaldu duenez "asmoa da familien gustukoak diren jarduera dibertigarriak egitea, elkarrekin eta euskara erabiliz gozatzeko aukera izan daitezen”, “mezu argi bat helarazi nahi dugu, euskarak ez du lanbide edo eskola eremu bateko zerbait izan behar txikienen kasuan, euskara gure egunerokoaren parte izan daiteke eta izan behar du, gure edozein esparrutan, baita pertsonalean, familian eta aisialdian ere", amaitu du.

SARE SOZIALAK:
LEIOA UDALA: FACEBOOK / TWITTER / INSTAGRAM
www.leioa.net

Partekatu:

Itzuli

Copyright 2010 · Leioako Udala
  • Kaskadako estilo-orriak erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa
  • Logotipo de cumplimiento de segundo nivel de accesibilidad
  • XHTML kodea erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa