2008-11-04
Leioa Kantika Koralak zilarra eskuratu zuen joan den asteburuan Tolosan
Lehen aldia da 17 urtetan haurren euskal abesbatza batek Tolosako Nazioarteko Lehiaketaren bigarren saria eskuratzen duela
Leioako Musika Eskola berriz ere ospakizunetan murgilduta dago, oraingoan Kantika Koralak Tolosako Nazioarteko 40. Lehiaketan eskuratutako zilarrezko sariarengatik. Haurren saioa, jende gehien batu zuena, joan den larunbatean ospatu zen Leidor Antzokian. Guztira bost abesbatza hartu zuten parte maila honetan, hauetariko bik, Prague Philarmonic Children´s Choir txekiarra eta Vdokhnovenije errusiarra, aurreko edizioetan irabazle absolutuak izan zirenak.
Kantikak egitarau berritzailea aurkeztu zuen, besteak beste, J.Busto euskaldunaren obrak, T.Stokes kanadarrarenak, amerikako J.Berkley-arenak, edota H.L.Hassler alemaniarrarenak antzeztu zituen, honetaz gain, derrigorrezkoa zen, Tolosako David Azurzaren “Ihauteri Habanerak” obra ere bai. Esan beharra dago, aurkeztutako bertsio guztietatik Leioako abesbatzak puntuaziorik altuena jaso zuela. Epaimahaiak, bestalde, eszenaratze zaindua eta egitaraua aukeratzerakoan Kantikak egindako apustu arriskutsua baloratu zituen, nahiko ezezaguna eta koreografiaren protagonismo nabarmenekoa.
Sari honekin Leioako Musika Eskolak lortutako goraipamenen zerrenda loditzen du, joan den maiatzean La Kantoriak Zumarragako La Antiguan ospatutako Abesbatzen Sari Nazional Nagusia irabazi ostean, eta uztailean Kantikak Goriziako Nazioarteko Sarian lau sari eskuratu ostean, hauetariko bat publikoaren eta zuzendaritza onenari, Basilio Astulez.
Guzti hauetaz gain, Kantika, Kepa Junkerarekin batera disko bat grabatzen ari da, eta Gabonetan kontzertuen bira egingo du EAEko hiru antzokietan Euskadiko Gazte Orkestrarekin batera, Fernando Vázquezen gabon suite-a estreinatuz.