Leioa
Bilaketak
Asteartea, 2024ko Azaroaren 26a
Hemen zaude: Hasiera » Zure Udala » Albisteak

Albisteak RSS

2021-09-15 Leioak "Oinezkoen pausura” XVII. edizioa egingo du larunbatean
Semana movilidad / Mugikortasun astea

Leioako Udalak hainbat ekimenekin ospatuko du Mugikortasunaren Europako Astea; lehena "oinezkoen pausura” martxa izango da, irailaren 18an, larunbata, goizeko 11:00etatik 14:00etara, Umore Azokarekin batera. Eta bigarrena, hilaren 22an, “kotxerik gabeko eguna”.

Martxa pandemiaren aurreko edizioekin alderatuta desberdina izango da, eta parte-hartzaileek euren etxeetatik abiatuko dira. Ordezkari bat izendatu beharko dute, "On line" izena eman beharko dute inprimaki bat betez, eta ibilbide zehatzik gabe, udalerrian banatutako hamar zebra handietatik (kartoizkoak) gutxienez bost aurkitu beharko dituzte. Zebra bakoitzak Bizibideak – Eskolara Lagunekaz ekimenean parte hartzen duten ikastetxeetako baten kolorea izango du. Zebrekin egindako argazkiaren ostean, udaletxearen azpiko helmugara joango dira, "Leioako altxorra" lurperatuaren ondoan, eta bertan erakutsiko dituzte argazkiak, honen truke Leioako Merkatariek emandako oparia eta fruta jasotzeko.

Antolakuntzatik Coviden aurkako prebentzio-neurriak errespetatzea eskatzen da: eskuak garbitzea, maskara soinean eramatea eta pertsonen arteko distantziak mantentzea. Proba horretan, telefono mugikorra ondo kargatuta eramatea gomendatzen da, baita aurreko urteetako kamisetak erabiltzea eta Herrigune Irratia Birikoa irratira konektatzea ere. Beste edozein gairi dagokionez, 627503898 zenbakiaren bidez ere jar zaitezkete harremanetan antolakuntzarekin.

Iban Rodriguez Etxebarria alkateak nabarmendu duenez, iaz "eredu bat eman genuen komunitate gisa urteko unerik delikatuenetan, beste martxa batean, eta erantzukizunez egin genuen, osasuna eta elkarrekiko zaintza kontuan hartuta", bostehun parte-hartzaile baino gehiago bildu zituen jarduera gogoratuz. "Aurten martxa Umore Azokarekin batera egingo da. Horregatik, errespetuzko jarduera segurua izateaz gain, Umoredun Martxa izatea nahi dugu", gaineratu du.

Dagoeneko postontzietan banatu dira martxaren XVII. edizioaren mekanismoa azaltzen duten liburuxkak, eta aurten ere izena eman ahal izango du taldeak, online inprimaki baten bidez.


Autorik gabeko eguna, asteazkena 22

Bestalde, datorren asteazkenean, irailaren 22an, Leioan "Autorik gabeko eguna" ospatuko da. Hori dela eta, oinezkoek kaleak har ditzaten, sei ikastetxek eta GAUDE elkateak HIT (Haur ibiltarien Topaketa) ospatuko dute, mugikortasun modu iraunkorragoekin konprometitu beharra gogorarazteko.

Horrela, egun horretan bost gune zehatz irekiko dira Leioan: "Segi Ibiltzen: autonomiarako lehen geldialdia". Goizeko 8:00etatik 10:30era, gune horiek prest egongo dira seme-alabak uzteko eta azken zatia ikaskideekin ikastetxeraino oinez egin ahal izateko.

"Segi Ibiltzen" 5 geralekuak hemen egongo dira:
- Skate Parkeko aparkalekua (Eusko Gudarien Etorbidea)
- La Carbonera aparkalekua (Sabino Arana, Iturriondo eta Luis Bilbao Libano artean)
- Artatza Romo BHI institutuaren aurreko aparkaleku-gunea (Amaia etorbidea)
- Artatza, 26 (autobus geltokia)
- Udaletxeko aparkalekua, parrokiaren ondoan

Gune horietan monitoreak egongo dira, haiek hartzeko eta nondik nora joan azaltzeko. Heldurik gabe joan nahi ez duten haurrek hezitzaile batek lagunduta egin ahal izango dute ibilbidea, eta hezitzaile hori noizean behin aterako da.

Hauek dira ekimenean parte hartzen duten ikastetxeak:
- Artatza-Pinueta HLHI.
- San Bartolome HLHI
- Txomin Aresti HLHI
- Colegio Mercedarias Ikastetxea
- Betiko Ikastola
- Colegio Irlandesas Ikastetxea
- GAUDE. Donibane Zentro Okupazionala

Leioak bost urte daramatza "Bizibideak-Eskolara lagunekaz" proiektua garatzen, eta Euskadin erreferentziazko udalerria da proiektuaren garapenean. Talde eragilea osatzen duten eragileek gidatuta (ikastetxeak, guraso-elkarteak, udaleko teknikariak eta politikariak, Leioako tokiko osasun-zentroko arduradunak eta haurrak, eta udalerriko zenbait gizarte eragile), guztien artean proiektua definitzen eta eboluzionatzen ari da: mugikortasun iraunkorragoa sustatzeko konponbideak eta proposamen berriak bilatzen. Baina, batez ere, haurren autonomia landu nahi da hirian, Francesco Tonucciren filosofiari jarraituz: "Umeentzat hiri atsegina dena, pertsona guztientzat pentsatutako hiria da".

Partekatu:

Itzuli

Copyright 2010 · Leioako Udala
  • Kaskadako estilo-orriak erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa
  • Logotipo de cumplimiento de segundo nivel de accesibilidad
  • XHTML kodea erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa