Leioa
Bilaketak
Astelehena, 2024ko Uztailaren 08a
Hemen zaude: Hasiera » Zure Udala » Albisteak

Albisteak RSS

2015-10-20 Asteburuan mundu osoko landare apaingarrien lehengarren azoka izango da Arboretumean Ordu erdiro doako autobus bat irtengo da Leioatik, eta herrian hainbat geltoki izango ditu
landare azoka / landare azoka

Bizkaiko Foru Aldundiak eta UPV-EHUk, Erandioko eta Leioako Udalekin eta BBKren Gizarte Ekintzarekin batera, Bost Kontinenteetako Landareen Lehenengo Azoka antolatu dute. Guztira 25 ekoizle elkartuko dira Leioa-Erandioko campuseko Arboretumean, urriaren 24 eta 25ean.

Ekitaldia erakusleiho bikaina izango da gure planetan dauden landare apaingarrien espezie eta motak ezagutzeko; gehienak ezezagunak dira gure artean, baina hemen erraz erein litezke. Horrez gainera, landareak erosi ahala izango dira, eta landatzeko teknika eta ezagupenak partekatu.

Ekitaldi hau elkargune bat izango da espezie horiek landatzen dituztenen artean harreman komertzialak hobetzeko, eta urteroko hitzordu bat izan nahi du bilduma-landareen ekoizle, kontsumitzaile eta zaleentzat.

Hainbat ekoizle etorriko dira Euskal Autonomia Erkidegotik, Estatuko gune batzuetatik (Nafarroa, Malaga, Valentzia, A Coruña, Asturias, Bartzelona eta Madril) eta Frantziatik. Eta era guztietako landareak erakutsiko dituzte: bonsaiak eta zuhaitz zein zuhaixka apaingarriak,landare tropikal eta azpitropikalak, kaktusak, landare haragijaleak, ostargi-belarrak, iratzeak eta bildumako zitrikoak.

Landare horiek guztiak prezio lehiakorretan eskuratu ahal izango dira 10:00etatik 18:00etara irekita egongo den azoka honetan. Gainera, aukera egongo da bertoko produktuak dastatzeko eta Arboretumeko bidezidorretan zehar paseatzeko. Horretarako, euro bat ordaindu beharko da (12 urtetik beherakoak doan sartuko dira).

Bestalde, doako autobus-zerbitzuak egongo dira Astrabuduako eta Leioako metro-geltokietatik EHUra joateko. Leioako autobusak, ordu erdiro izango dena, herrian ere hainbat geltoki izango ditu, Metroa, Luis BIlbao Libano, Iparragirre, Elexalde, Sarriena eta EHU-UPV.

Azoka Arboretumean egingo da; gune horrek 19 hektarea du eta bost kontinenteetako 130 espezietako 1.700 zuhaitz biltzen ditu. Hori dela eta, Bizkaiko naturagune garrantzitsuenetako bat da.

Erlazionatutako dokumentuak:

Liburuxka (pdf, 1915 kb)

Partekatu:

Itzuli

Copyright 2010 · Leioako Udala
  • Kaskadako estilo-orriak erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa
  • Logotipo de cumplimiento de segundo nivel de accesibilidad
  • XHTML kodea erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa