Leioa
Bilaketak
Astelehena, 2024ko Uztailaren 08a
Hemen zaude: Hasiera » Zure Udala » Albisteak

Albisteak RSS

2015-09-08 Etxeko leihoak aldatzeko EEEn diru laguntzak eskatzeko epea zabalik da
ventanas / ventanas

Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratu dira jada 2015eko Leihoen Renove Planaren diru laguntzak arautzen dituen oinarriak. Kanpoko beirak aldatzea eta horien ordez isolamendu handiagokoak jartzea helburua duen plan horrek 1.000.000 euroko aurrekontua du. Euskadin ohiko okupazioa duten etxebizitzen energia eraginkortasuna hobetu nahi da planaren bitartez. Izan ere, kanpotik babes termiko handiagoari esker, berokuntzan energia kontsumoa murrizteko aukera izango dute.

EEE Energiaren Euskal Erakundea –Eusko Jaurlaritzaren energia agentzia- gaur, irailak 8, hasten da diru laguntzak eskatzeko eskabideak jasotzen, eta horiek eskatzeko epea indarrean izango da horretarako esleitu den aurrekontua (1.000.000 euro) amaitu arte. Diru laguntza hori eskuratzeko, ezinbestekoa izango da oinarrietan azaltzen eta eskatzen den dokumentazio guztia aurkeztea, Energiaren Euskal Erakundearen webgunean (www.eve.es) kontsultagai dauden oinarriak, hain zuzen ere. Diru laguntzez baliatzeko, leihoen berritzearen fakturen data 2015eko urtarrilaren 1etik aurrerakoa izan beharko da, eta ez da inola ere onartuko aurrekontua amaitu ondorengo data duen fakturarik. Aurreikuspenen arabera, ohiko okupazioa duten 1.500 etxebizitza baino gehiago baliatuko dira planaz.

Leihoen Renove Planak diru laguntzak emango ditu leihoak bere osotasunean berritzeko (beirak, markoa, pertsiana kaxa eta instalatzeko behar den igeltserotzari lotutako kostuak). Emango den gehieneko diru laguntza inbertsioaren %22 izango da, eta etxebizitzako 1.000 euro emango dira gehienez ere, eta kantitate hori ez da inola ere handituko. Leihoak ordezkatzeari begira emango diren diru laguntzak jasotzeko, beharrezkoa da etxebizitzak Euskal Autonomia Erkidegoan egotea eta ohiko okupazioa izatea. Gainera, diru laguntzaren helburua den inbertsioa behar bezala egin dela egiaztatzeko, EEEk ikuskapenak egiteko eskubidea izango du.

Planak edo programak emango dituen diru laguntzak eskuratu ahal izateko, leihoak edo ate-leihoak etxebizitzaren kanpoko aldeko itxiturak izan behar dira, kanpoko girotik berotutako leku bat banatzearekin batera. Beraz, etxebizitzaren barruko itxituretan kokatutako leihoak ez dira diruz lagunduko. Horretaz gain, leihoek honako ezaugarri hauek izan beharko dituzte: CE marka edukitzea, zubi termikoaren haustura izatea arotzia metalikoaren kasuan, isolamendu termiko sendoa (ATR) duten beirez osatutako beira bikoitza edukitzea, eta horren aire kameraren lodiera 14 mm-koa izango da gutxienez eta transmisio termikoaren balioa 1,40 W/m2 K edo txikiagoa.

Partekatu:

Itzuli

Copyright 2010 · Leioako Udala
  • Kaskadako estilo-orriak erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa
  • Logotipo de cumplimiento de segundo nivel de accesibilidad
  • XHTML kodea erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa