Leioa
Bilaketak
Igandea, 2024ko Uztailaren 07a
Hemen zaude: Hasiera » Zure Udala » Albisteak

Albisteak RSS

2015-07-08 UmHerri15 jardunaldiak komunitateak ikasketa gune gisa izan zituen hizpide HerriLaborategiak antolatutako HaurrenHirienSareko urteko topaketak balio du hurbiletik ezagutzeko hazkuntza berritzaile, jasangarri eta osasungarria nahi duten komunitateak nola antolatzen diren ezagutzeko
Jornada UmHerri15 / UmHerri15 jardunaldia

Leioan, ekainaren 25ean egin zen Herri Laborategiaren eta Haurren Hirien Sareko urteko topaketari esker, hazkuntza berritzaile, jasangarri eta osasungarria nahi duten komunitateak nola antolatzen diren ezagutzeko aukera izan genuen, baita gure inguruan egiten denaren gakoak eta printzipioak ere. Azken batean, zer eta nola lantzen ari den komunitate esparru desberdinetan partaidetza, autonomia edo haur eta aniztasunarekiko harremana praktikan jarri ahal izateko.

Mari Carmen Urbieta, Herri Laborategiaren izenean eta Leioako Alkate izanik (Haurren Hirien Sareko hiriburua), honela inauguratu zuen UmHerri 15 jardunaldia, Kultur Leioako entzunaretoan: “Umeen Kontseiluko haurrekin egin dugun lanak Leioa ikusteko modua aldatu dit. Eta harritu naute beren beharretatik harago zihoazen proposamenak egin dizkidatenean, beren neba-arreba txikienen gaineko ardura hartuz, aitite-amamena, gazteena…”.

Esperientziak, ideiak eta proposamenak

“Komunitateak ikasketa gune gisa” gaia zuen Jardunaldian, beren esperientziak, ideiak eta proposamenak ekarri zuten pertsonek, kolektiboek eta herriek parte hartu zuten.

Izaskun Erezkanok, Ekiotz eta Naia eskola-umeekin batera, “Abusu Sarean” egitasmoa azaldu zuen, auzoetako herritar-sareak josi nahi dituena Bilbao eta Arrigorria artean, “Caminos Amigos” ekimenaren bidez. Gorka Torreren hitzaldia BiziTokiri buruzkoa izan zen, eskolarako alternatiba bilakatu nahi duen egitasmoa, komunitatearekin erantzukidetasunari esker. Diana Francok Hirikibalis-en esperientzia partekatu zuen, teknologiak eta pertsonek interakzio berriak ahalbidetzen baitituzte edozein herritar ekoizle soziala izan dadin. Txelu Balboak WikiTokiko giza-harreman-enpresa erakundeari buruz hitz egin zuen, sorkidetza eta kolaborazio praktiketako laborategia. Eta azkenik, Ángela García de Zerbikas-ek azaldu zuen, duela urte batzuk, ikasketa eta zerbitzu solidarioen esparruan egiten hasi ziren lana.

Kultura bitartekaria den Jara Rochak eta Deuto Business School-eko dekanoa den Guillermo Dorronsorok beren ikuspegiak eman zituzten beren hitzaldietan eta Solasguneko Eukene Fernandezekin izan zuten solasalditxoan.

Arratsaldean, erakunde publiko desberdinek sustatutako bost ekimen aurkeztu ziren: Arartekoaren Haurren eta gazteen Kontseilua, foro horretan parte hartzen duten gazte eta umeen ekarpenak bideratzeko organoa; Berrizko komunitate plana; Bergarako Gaztematika, haur eta gazteen sarea; Tolosako plana umeak politiken diseinuan sartzeko zeharkako elementu gisa; Leioako Herrigune proiektua, herritarren konpromiso pertsonal eta kolektibotik abiatuta, komunitatea eraikitzeko xedea duena.

Jokin Bildarratzek, EAJko senatariak, eta Francesco Tonuccik, pedagogo italiarra eta La Citta dei Bambini nazioarteko proiektuaren arduraduna denak, bi hitzaldi eman zituzten azken blokean eta Piter Blancorekin hitz egin zuten tokiko politikak umeekin egiteko moduei buruz.

Gotzon Bernaolak eman zion bukaera jardunaldiari, Innobasqueko programen zuzendaria denak, esanez ezinbestekoa dela ikasketaren kultura txertatzea politikagintzan eta sareko lanean.

Prestakuntza ikastaroa

UmHerri15-en barruan, Ondiztorren, eta asteburuan zehar, Francesco Tonucci, Antonella Prisco eta Solasguneren prestakuntza ikastaroa eman zen, Haurren Hiria proiektuaren gainekoa. Hirigintza eta arkitekturarekin, partaidetza eta herritarren politikekin, hezkuntza eta familiarekin eta abarrekin lotutako pertsonek parte hartu zuten ikastaroan, beren herri eta komunitatean, nor bere esparruan, proiektuaren proposamenak eramateko interesarekin.

HIRIAK GURE BEHARRETAN PENTSATUZ ERAIKI DITUGU. Helduen beharrak, gehienetan, gizonak; lanean daudenak eta autoa dutenak; proiektu komunaren zuzendaritza eta ardura bere gain hartu dutenak.

Eredu hori, honezkero, ez da erabilgarria guretzat. Hiri osasungarriak, abegikorrak, kohesionatuak, berritzaileak… nahi baditugu, gure lehentasunak aldatu behar ditugu, gure parametroak eta harremanetan jartzeko estiloak. Horrexegatik, GURE ESKUBIDE ETA BEHARRENGATIK, KOMUNITATE OSOA KONTUAN HARTZEKO GARAIA DA, UMEAK BARNE, ETA PROIEKTU KOMUNETAN PARTE HARTZEN UTZI.


Francesco Tonucci eta Piter Blancoren ekarpen horiek laburbildu egiten dituzte UmHerri15-eko topaketa, lan eta ikasketarako lau egunak.

Partekatu:

Itzuli

Copyright 2010 · Leioako Udala
  • Kaskadako estilo-orriak erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa
  • Logotipo de cumplimiento de segundo nivel de accesibilidad
  • XHTML kodea erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa