Leioa
Bilaketak
Igandea, 2024ko Uztailaren 07a
Hemen zaude: Hasiera » Zure Udala » Albisteak

Albisteak RSS

2015-05-21 Umore Azokak arte eszenikoen erdigunean jartzen du Leioa
Umore Azoka / Umore Azoka

Gaur hasten da Umore Azoka, eta Leioa, kaleko arteen hiriburua izango da igandera arte. Kaleko Artisten Azokan 50 taldek parte hartuko dute, eta 22 estreinaldi ikusteko aukera izango dugu. 170 emanaldi baino gehiago izango ditu egitarauak orotara, eta lau egunez kale arteen hiriburu bihurtuko du horrek Leioa. Ehundaka sortzaile, programatzaile eta banatzaile batuko ditu zitak, eta ikusle asko bilduko ditu. Egun egiten diren dantza, zirko, musika eta performance ikuskizun onenez gozatzeko aukera izango dute guztiek.

Estreinaldi gune ere izango da Leioa egunotan. Euskal Herriko, estatuko zein nazioarteko konpainia askorentzat erreferentziazkoa baita jaialdia, eta Umore Azoka hautatu dutelako beren lanik berrienak estreinatzeko. Azokako lehen eguna da horren erakusle. Guztira, 22 emanaldi izango dira gaur, eta 11 pieza estreinatuko dira.

Euskal Herriko talde askok, esaterako, gaur egingo dute estreinaldia: Gaitzerdi antzerki taldeak I. Mundu Gerran oinarritutako “Out” obra eskainiko du aurrenekoz; 2013an “4x4” lanarekin Umore Azokako Kale Ikuskizunik Onenaren saria jaso zuen Ertza dantza taldeak “El show del Espectador” estreinatuko du; Dikothomiak dantza eta zirkoa uztartzen dituen “Spazi...o” pieza; Pez Limbok hitzik gabeko “Almacenes Parisien” antzezlana; Colectivo Hirikok fantasiaz betetako “La Gloïre- les bouffeurs d'ombres” dantzaperformance pieza; eta Dantzaz konpainia Arriagaren doinu barrokoak eta Niña Coyote eta Chico Tornado musika taldearek rocka batzen dituen “Barrock” lanarekin izango da kalean. Gainera, Hortzmuga Teatrok“Nola” eta Markeliñek “Andante” antzezlan berri-berriak eramango dituzte bihar Leioako kaleetara.

Eta esanguratsua da datua. Lau egunetan Euskal Herriko 17 taldek hartuko dute parte Umore Azokan, eta horietatik 12k lana estreinatuko dute. Baina ez dira soilik Euskal Herriko taldeak. Gaur bertan “Crudo Ingente” izeneko instalazio performancea estreinatuko du Nacho Vilar Producciones Murtziako taldeak; Mendebaldeko dueluetan oinarritutako bi pertsonaientzako “Ka-Yi-Ha” dantza eta peformance pieza eskainiko du aurrenekoz Los Moñekos konpainia kataluniarrak; eta “Le Petit Studio Cinema” estreinatuko du Compañía de títeres errantes eta Producciones Cachivachek.k”.

Japonatik Leioara

Kalea zinema pantaila bihurtuko du To R Mansion Japoniako taldeak. Lehen aldiz erakutsiko du estatuan “Cinema Paradaise” ikuskizuna, eta pelikula ezagunetako zatiekin osatu dute obra berezi hau. Izan ere, erritmo izugarri biziz nahasten dituzte magia, mimoa, akrobaziak, dantza eta bestelako antzezpenak istorio zoro bezain dibertigarria kontatzeko. Guztia, koordinazio eta teknika arrigarriz, eta beste hainbeste umorez.

Ez da gaur egingo den estatuko estreinaldi bakarra izango, ordea. Holandatik dator Compañie Mobil taldea “Sulky1” ikuskizuna eskaintzera. Estatuan ere lehenengoz arituko da Alemaniako Teatro Só taldea“Sómente” aurkezten, eta Frantziatik ekarriko dute “Café Frappé!” pieza Les Mobilettes taldekoek, besteak beste. Lehen eguneko programazioa osatuko dute Maintomano taldearen “Ekilibua” ekilibrismo ikuskizunak, Tania Garridoren “Etzev (Labor)” piezak, XeviXavoXou taldearen “From lost to the river” ikuskizunak, eta “Enfila S.A.” eskainiko du Kataluniako Stampades konpainiak.

Azoka izaera

Baina Umore Azoka ez da jaialdia soilik, eta ehundaka sortzaile, programatzaile eta banatzaile batuko ditu Leioan lau egunez. Kale arteen sektorea indartzen laguntzea da Umore Azokaren helburuetariko bat, eta Artekale espazioa antolatuko du horretarako. Bigarrenez prestatu dute gune hori, eta sektoreko ordezkaritza zabala bilduko du bertan. Sektorearen topagune izango da espazio hori, eta gaur, esaterako, Kale Antzerkia Bultzatuz egitasmoa aurkeztuko du Eusko Jaurlaritzak, eta aurkezpenak egingo dituzte kale antzerkiei eskainitako jaialdiek.

Jaialdiaren ñabardurarik ez galtzeko, aplikazio propioa izango du Umore Azokak, eta Twitter eta Facebook sare sozialetan jarraipen zabala eskainiko dute antolatzaileek. Horrez gainera, egitarau osoa eta talde guztiei buruzko informazio azokaren webgunean dago jadanik.

Informazio gehiago:

Umore Azoka Leioa

Partekatu:

Itzuli

Copyright 2010 · Leioako Udala
  • Kaskadako estilo-orriak erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa
  • Logotipo de cumplimiento de segundo nivel de accesibilidad
  • XHTML kodea erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa