2012-10-02
Kontsumo Iraunkorraren Azoka badator
Larunbat honetan, urriak 6, Kontsumo Iraunkorraren VIII. Azoka ospatuko da, goizeko 11etatik 14etara Euskal Etxeen II. plazan. Erabilitako objetuen azoka duzu hau, objetuen bizitza luzatzeko lekua.
Kontsumo espiralaren aurrean, aukera paregabea da hau partekatzeko esperientzia komunitarioa bizitzeko eta “beste mundu bat (benetan) posible dela” frogatzeko. Zuri balio ez dizun horrek beste bati balio diezaioke: ideia xalo hori du Azokak oinarrian. Kontua ez da ganbara hustutzea, erabiltzen ez duguna auzolagunei ematea edo haiekin trukatzea baizik.
Merkatu honetan azalean dago objektuen Balioaren gaineko hausnarketa, haien Kostua eta sortzen dizkiguten Beharrak. Behingoz, objektuen balioaren neurria sortzen duten beharrak markatzen du… Ez ahaztu on-line merkatua daukagula Herriguneren web orriko foroan, erlazio/dohaintza/transakzio mota horiek urtean zehar egin ahal izateko.
Aurten, gainera, Kuboak topagunea eta eztabaida-gunea antolatzen du herritarrek parte har dezaten, Azoka horrek markatzen duen ildotik, Leioan antzeko espazio fisiko iraunkorra nola sor daitekeen aztertzeko. Espazio hori jaio zen hainbat pertsona hurbildu direlako Kuboara eskaera horrekin, eta larunbatean bertan egingo da, 12:00etan.
Partekatu:
Itzuli