2012-09-24
Kuboa Unibertsitatean izango da datorren hilean
Tokiko Jardunbide Egokiak bultzatzen dituen gune berezia, Kuboa, Unibertsitatera joango da hurrengo hilean. Leioako hainbat auzoetatik pasa eta gero, eta 250 pertsona inguruen bisita izan eta gero, UPV-EHUko Leioako kanpusean izango da Kuboa urrian.
Joan den martxotik dago Kuboa gure kaleetan, eta denbora guzti honetan herriko hainbat txoko desberdinetan izan da –Bulebarrean, Udondon, Txorierrin, Lamiakon eta Luis Bilbao Libanon-. Bertatik 250 pertsona inguru pasa izan dira Tokiko Jardunbide Egokien inguruan euren ekarpenak egiten edota informazio eske.
Aste honetan zehar Kuboa Euskal Etxeen plazan izango da eta datorren urriaren 1etik aurrera UPV-EHUko Leioako Kanpusean izango da. Aste honetarako ekintza desberdin bi daude programatuta, alde batetik ostegunean etxean produktu kimikoak erabiltzerako orduan beste aukera batzuk daudela frogatu dute, eta ostiralean pixohialak erabiltzeko aukerataz jardungo dira.
Kanpusean, dagoeneko ekintza bi daude lotuta, urriaren 6an egingo den Kontsumo Iraunkorraren azoka, eta honen inguruan toki iraunkorra sortzearen aukerari buruzko foro irekia.
Kuboaren ordutegia orain artekoa izango da: astelehena, asteazkena eta ostegunetan, 17.00etatik 20.00etara, ostiraletan 10.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara, eta igandeetan 10.00etatik 14.00etara.
Kuboa eratzeko ideia nagusia Tokiko Jardunbide Egokiak hautematea da, ekimen ezberdinak fusionatzea eta denon artean Leioan aurrera atera litezkeen jardunbide egokiei balioa ematea. Hori dela eta, KUBOAn garatuko den oinarrizko jardueratako bat enpresak, elkarteak, hiritarrak eta udal kudeaketa elkartzea izango da.
Egitasmo honek, lehenik eta behin, Tokiko Agenda 21 barruko Prozesu Partehartzaileetan Jardunbide Egoki eredugarri izan nahi du. Bigarrenik, iraunkortasunaren aldeko apustua egingo duen kudeaketa baterako hasiera logiko eta arduratsu ugarietako bat izan nahi du, hiritarren eta instituzioen arteko partehartze partekatuaren bitartez, Aalborg-en izenpetu ziren 10 konpromezuei eta euren lan eremuei men eginez.