2008-12-17
Lanean dira jada Auzolan programaren bitartez prestatutako herri zaindariak
Talde hau 4 emakume eta 4 gizon osatzen dute
Behargintzako Auzolan programa baten parte hartu duten oinarrizko errentaren hartzaileak lanean dira jada. Joan den astetik herri zaindarien programako zortzi lagun (4 emakume eta 4 gizon) lanean dira, txakurren korotzak lorategietatik batzearen aldeko udal kanpainaren barruan, hain zuzen ere. Modu horretan sei hilabeteko kontratua izango dute langileek, hots, datorren ekainera arte.
Udalak martxan jarri duen kanpainan lanean dihardute zortzi langile hauek. Euren eginkizuna herriko lorategietan beren txakurrak paseatzen dabiltzaten herritarrei kanpainaren berri ematea da. Horretarako orri informatiboak banatuko dituzte eta txakurren jabeei euren txakurren kakak ez jasotzearen ondorioak azalduko dizkiete.
Honetaz gain, jabeei jarrera hau errazteko, kakak batzeko poltsak eramateko tresnak banatuko dizkiete. Honen arira, azpimarratu behar da hezur formako tresna hauek ez direla herritar guztientzat, hau da, joan den urtean antzeko kanpaina bat bideratu zen Leioan eta txakurra zuen herritar bakoitzak horrelako bat jaso zuen. Beraz, aurten, txakurrak erosi edo adoptatu berri duten leioaztarrentzat izango dira hezur hauek, edota galdu zein apurtu egin dutenentzat ere.