2026-02-05
Leioa Gobernantza Bikaitasunean Europako Abangoardian kokatzen da
• Leioako Udalak Europako Kontseiluaren Gobernantza Bikaintasunaren Europako Zigilua (ELoGE) jaso du, Gobernantza Onaren balio europarrekiko duen konpromisoa egiaztatzen duena. • Leioak bigarren aldiz lortu du aintzatespen hau; lehenengo aldia 2017an izan zen. • Bikaintasun zigilu hau eskuratzeko, udal jardunbideak ebaluatu eta egiaztatu dira 72 adierazleren bidez; besteak beste, gardentasuna, eraginkortasuna, kontu-ematea edo toki-administrazioek sustatutako parte-hartze prozesuak neurtzen dituzten adierazleen bidez.
Leioako Udalak, bigarren aldiz, Europako Kontseiluaren Gobernantza Bikaintasunaren Europako Zigilua (ELoGE) eskuratu du, Gobernantza Onaren balio europarekiko duen konpromisoa berretsiz. Aintzatespen honek Leioaren posizionamendua indartzen du gobernantza onaren arloan, bai Europako esparruan, bai berrikuntza demokratikoko eta kudeaketa publiko eraginkor eta jasangarriko nazioarteko estandarren bikaintasunean.
Gaur goizean, EUDELen Bilboko egoitzan, EUDELek eta Europako Kontseiluak sustatutako Gobernantza Bikaintasunaren Europako Zigiluaren (ELoGE) VI. edizioko banaketa-ekitaldia egin da. Ekitaldian Leioako alkateak, Iban Rodriguez Etxebarriak, parte hartu du, eta harekin batera Errenteriako alkate Aizpea Otaegi, Bilboko alkate Juan Mari Aburto, Tolosako alkate Andu Martinez de Rituerto eta Urretxuko alkate Jon Luqui izan dira.
Aintzatespenen banaketa EUDELen presidente Esther Apraizek eta Europako Kontseiluaren ordezkari Mathieu Morik, Toki eta Eskualdeko Botereen Kongresuko idazkari nagusiak, zuzendu dute. Bi ordezkariek parte-hartzaile guztiak zoriondu dituzte, erakundeak berritzeko eta etengabe hobetzeko erakutsitako “anbizioagatik eta konpromisoagatik”.
Leioako alkate Iban Rodriguez Etxebarriak azpimarratu duenez, “ELoGE zigilu europarraren bigarren aintzatespen honek Leioako Udala erreferentziazko erakunde gisa sendotzen du gobernantza onaren, gardentasunaren eta kalitate demokratikoaren arloan, eta erantzukizunean eta kontu-ematean oinarritutako kudeaketa publikoaren eredua bermatzen du”.
Era berean, Leioako alkateak nabarmendu du “Leioatik erakusten jarraitzen dugula posible dela tokiko esparrutik gobernu-ekintza moderno, eraginkor eta Europako estandar gorenen lerroan kokatua lideratzea, herritarrak politika publikoen erdigunean jarriz”.
2025eko irailetik aurrera, Europako zigiluaren hautagai izan diren udalerriek EUDELek koordinatuta eta Europako Kontseiluaren metodologia komunarekin lan egin dute. Bost udalek ebaluazio zorrotza gainditu dute, Gobernantza Onaren hamabi printzipiotan bildutako 72 adierazleren arabera. Printzipio horiek, besteak beste, giza eskubideak, etika publikoa, gardentasuna, parte-hartzea, kontu-ematea, kudeaketa ekonomiko-finantzarioaren sendotasuna, berrikuntza edo epe luzerako plangintza jasotzen dituzte.
Seigarren edizio honekin, guztira Euskadiko 25 udalerrik parte hartu dute ELoGE programan, eta horren ondorioz, 16 euskal zigilu sartu dira Europako Kontseiluaren zerrenda esklusiboan, hirurehun tokiko erakunde inguruk osatzen dutena.
Zenbait udalek behin baino gehiagotan eskuratu dute zigilua, hala nola Bilbok (2021, 2026) eta Leioak (2017, 2026).
Informazio gehiago, erantsitako dokumentuan.
SARE SOZIALAK:
LEIOA UDALA: FACEBOOK / TWITTER / INSTAGRAM
www.leioa.net
LEIOA GUREA
Partekatu:
Itzuli