Leioa
Bilaketak
Astelehena, 2024ko Apirilaren 29a
Hemen zaude: Hasiera » Zure Udala » Albisteak

Albisteak RSS

2023-06-20 San Juan jaiek Leioako kaleak beteko dituzte bizilagun guztiok gozatzeko Kontzertuak, kirol eta kultura ekitaldiak, haurrentzako jarduerak eta helduentzako... aurten, San Juan jaietako programazioa bete-beteta dator guztiok gozatu eta ospatu ahal izateko. Berriz ere, martxan jarriko da Leioakoa Udaltzaingoaren operazio indartua, Ertzaintzarekin batera. Horrela, jaietan zehar ezbeharrak saihestea eta guztiok gozatzea bermatuko da.
Presentación de las Fiestas de San Juan. / San Juan Jaien aurkezpena.

Leioa dagoeneko prest dago berriz ere San Juan jaiak hartzeko, era guztietako publikoari heltzeko asmoz, jai egitarau zabal eta askotariko batekin. Halaber, Udalak herritarrei dei egin nahi die goza eta ospa dezaten, eta, aldi berean, ekitaldiak errespetuz eta tolerantziaz egin daitezen.

Antzinako Eguna egun berezia da Leioako kuadrillentzako. Pasa den asteburuan, dagoeneko, hainbeste esperotako jaietarako motorrak berotzen hasi ziren. Modu ofizialean jaiei hasiera emateko ekainaren 22an (osteguna) txupinazoa jaurtiko da udaletxetik, eta ondoren, kuadrillen jaitsiera egingo da, ekitaldi jendetsua eta dibertigarria izango da eta 96 kuadrilla batuko ditu.

Jaiak hasteko pregoia botatzeaz arduratuko dira Aranzazu Alday Sánchez eta Asel Belategi López de Aretxaga; hurrenez hurren, Mari Pepa eta Arlote izango dira. Biak Gaude elkartearen kide dira eta beti hartzen dute parte gure San Juan jaietako hainbat ekitalditan. Udalak aniztasun funtzionala duten pertsonak ikustarazi eta dagokien garrantzia eman nahi die, hain bereziak diren egun hauetan protagonistak izan daitezen eta parte har dezaten.

Pregoiak, txupinazoak eta kuadrillen jaitsierak emango diete hasiera jaiei. Guztiontzako jardueraz betetako lau egun izango dira, ez dira faltako kontzertuak, bakarrizketak, haurren ekitaldiak, dantzak, kirola, txosnak, barrakak... Laburbilduz, Leioako jai girorik onena.

Plater nagusia musika emanaldiak izango dira, hala nola Chambao, Bulego, Huntza, edo Kai Nakai, joan den astean aurreratu genizuenez. Ezin ditugu alde batera utzi bakarrizketak eta euskal dantzak egiteko izango ditugun aukera mordoa, adibidez.

Kirola Leioako jaietako beste protagonista nagusietako bat izango da: horren erakusgarri dira hogei bat kirol ekitaldi. Leioako kirol eskolen erakustaldi nabarmena izango dugu: patinaje, xake, biking, arrantza, eskalada, pilota eta beste eskola askoren eskutik. Gainera, ia ezinbestekoak diren hainbat jarduera izango ditugu, esaterako, nazioarteko kadeteen “X. Txuma Memoriala” eta Euskal Kirolaren Eguna (Harri jasotzaileen XI. txapelketa eta Aizkolarien XIII. txapelketa), ostiralean, ekainaren 23an. Larunbatean, ekainaren 24an, Gizonezkoen Euskadiko lehorreko Sokatira txapelketa (600 kg) izango da Udondoko bulebarrean. Pilotan, Hartzak herriko eskolaren zein kadete eta senior mailakoen partiduak izango dira Sakonetan.

Kuadrillen arteko probak ere jaietako klasiko bat dira. Leioako 70 kuadrilla inguru lehiatzen dira, hiru kategoriatan, adinaren arabera. Kuadrillen jaitsiera urtero pregoiaren ondoren egiten da. Une berezietako bat izaten da, urtero 2.000 leioaztar baino gehiago batzen baititu, eta mozorroak gero eta gehiago lantzen dituzte.

Bestalde, txosnagunean, beste jai egitarau bat izango dugu, osagarria, beste jarduera batzuekin. Txosnak ekainaren 22an irekiko dira 19:00etan, eta pregoia eman ondoren, sardina janak hasiera emango dio jardueraz betetako egitarauari; ostiralean, poteoa (19.00etan), eta jarraian, Bizphiru Pelau erromeria San Juan gaueko akelarre tradizionalaren aurretik (eta ondoren). Akelarrea Elexalden izango da gaueko hamabietan.

2023an, bertaratutako pertsonen segurtasunak “lehentasun osoa” izango du Udalarentzat. Hori dela eta segurtasun operazio zabala prestatzen ari dira, jaiak behar bezala egin ahal izateko. “Leioara ondo pasatu nahi duten pertsonak etor daitezen nahi dugu, betiere besteekiko eta legearekiko errespetuarekin. Asmo horrekin ez datozenak ez dira ongietorriak izango”, adierazi du Iban Rodriguez Etxebarria Leioako alkateak. Hori dela eta, jakinarazi dute Udaltzaingoa eta Ertzaintza, batera, bereziki saiatuko direla kalean edatea, adingabeei alkohola saltzea, eraso sexistak eta/edo homofoboak edo lapurretak egotea saihesten.

Jai “seguruak eta guztiontzako”

Hurrengo jai egunetan zehar, martxan jarriko da Leioakoa Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren operazio indartua. Horrela, San Juan jaietan zehar ezbeharrak saihestea eta guztiok gozatzea bermatuko da.

Udaltzaingoak polizia kide gehiago izango ditu lanean. Horrela, polizia patruilak egongo dira, uniformez zein kalez jantzita, jai gunean eta inguruan eta Leioako metro geltokian, liskarrak eta erasoak saihesteko helburuarekin. Prebentziorako alkoholemia eta droga kontrolak egingo dira, horiek hartu dituztenek gidatzea saihesteko, eta halaber, objektu arriskutsuak konfiskatzeko kontrolak egingo dira.

Arreta berezia emango zaio jaietan zehar alkohola eta substantzia estupefazienteak kontsumitzeari eta prebenitzeari. Metro geltokietan ere kontrolak egingo dira, adingabeek Leioara beste udalerri batzuetatik edari alkoholikoak eramatea saihesteko. Alkohola saltzen duten lokalak bereziki zainduko dira, adingabeei edari alkoholikoak saltzea saihesteko.

Udaltzaingoak eta Ertzaintzak jai ekitaldietako partaideei ohartarazi diete diru zorroak eta norberaren gauzak zain ditzaten, lapur gehiago egon daitezke eta (zorro lapurrak) jende ugari egotea aurreikusi baita.

Arreta berezia eraso sexistei

Iban Rodriguez Etxebarria alkateak adierazi zuenez, “jarrera sexistak eta/edo homofoboak ez dira onartuko Leioan”. Hori dela eta, Udalak “sare sendoa” ehundu du kuadrillen, txosten eta ostalaritza lokalen lankidetzarekin Leioa guztiontzako toki segurua izan dadin. Gainera, Udalak berriro eskainiko du udalerriko biztanleak etxera eramateko zerbitzua. Horren bidez, egon daitezkeen erasoak edo lapurretak saihestuko dira. Joan den urtean ekimenak oso harrera ona izan zuen, ehun joan-etorri baino gehiago egin ziren.

Gainera, jai egunetan zehar, Bulebarrean informazio gune bat egongo da sexu erasoen kontrako prebentziorako, “Gune morea”, horrelako jokabideei buruz laguntza edo aholkuak behar dituen edonorentzat, bai eta Sutea txosna feminista ere. Azkenik, “eragile moreak” mantenduko dira. Besoko morea eramango dute eta jai gunean egongo dira. Mehatxatuta edota deseroso sentituz gero haiengana joan eta laguntza eskatu ahal izango da.

Informazio gehiago:

Jaien egitaraua

Partekatu:

Itzuli

Copyright 2010 · Leioako Udala
  • Kaskadako estilo-orriak erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa
  • Logotipo de cumplimiento de segundo nivel de accesibilidad
  • XHTML kodea erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa