2016-11-28
Leioak bat egin du kirol egokituaren astearekin
Abenduaren 3an, Desgaitasunaren Eguna ospatuko da, eta Leioako Udalak bat egin du Emtesportek antolatutako kirol egokituaren VII. astearekin, Udalaren kirol-esparruan aniztasun funtzionala duten pertsonen arazoa ikustarazteko asmoz.
Azaroaren 28tik abenduaren 4ra egingo den aste honetan, Torresoloko kirol-instalazioetako erabiltzaileek nolabaiteko desgaitasuna duten pertsona gisa sentitzeko aukera izango dute kirola egitean; izan ere, monitoreen laguntzaz, hainbat ariketa egingo dituzte, ikusmenezko, entzumenezko eta gorputzeko mugekin… Ariketa guztiak zenbait pertsonak egunerokoan aurre egin beharreko zailtasunen inguruan hausnartzeko prestatu dira.
Material didaktikoaz gain, “sentsazioen koadernoak” banatuko dira, erabiltzaileek beren esperientziak isla ditzaten saioak amaitzean. Era berean, zirrarak bideo eta argazki bidez jasoko dira, jardunaldiei buruzko dokumentala egin ahal izateko.
Partekatu:
Itzuli