Partaidetza izan zen mintzagai pasadan hileko Bizikidetza Mahaian. Hezkuntza Saila legealdi honetan Hezkuntza eta Herritarren Partaidetza Saila dela kontutan hartuz, partaidetzari beste bultzada bat eman nahi zaio. Horri lotuta doa herritarren partaidetzari buruzko diagnostikoa, egun hauetan egiten ari dena.
Bizikidetzaren Mahaia Hezkuntza eta Partaidetza Arloaren ekimena 2009an jaio zen Leioa Udalerriaren bizikidetzari buruzko diagnostikoa egin eta gero, eta diagnostiko horren inguruko hausnarketa egitea izan zen bere lehen zeregina.
Harrez geroztik hainbat eta hainbat gai jorratu ditu, gazteria, immigrazioa, genero berdintasuna, Leioako umeen oinarrizko beharrak beteta zeuden ala ez, ikastetxeetako janari-soberakinak … Mintzagai horietako ekimen batzuk proposamen gisa eraman dira Udaletxera, eta horietako batzuk errealitate dira gaur egun; beste batzuek hausnarketa egiteko balio izan dute. Mahaitik kanpoko mugimenduak egitera eraman gaituzte beste gai batzuek, beste sail edo erakunde batzuekin bilerak eginez.
Azken bilkura honetako hausnarketetatik ateratako konklusio nagusia honako hau, partaidetza norberaren eta komunitatearen garapenetarako faktore guztiz positiboa da.
Gogoratzen dugu, mahai honetan parte hartzea librea dela, edozein herritarrek egin dezakeela, eta maila indibidualean egiten dela. Hasieratik daude mahaikide batzuk; beste batzuk, ordea, orain elkartu dira, fase berri honetan. Muga bakarra, arrazoizko partaide kopuru batetik ez pasatzea da.
Parte hartzeko interesik izanez gero, jarri harremanetan Hezkuntza eta Herritarren Sailarekin, 94 607 25 76 telefonoan.