2015-12-01
Salgai dira Mari Pepa eta Arloteren katilu solidarioak
Aurten ere Mari Pepa eta Arlote pertsonai leioaztarrek presente izango dira Gabonetan. Iaz egin zuten bezala, herriko familia behartsuei laguntzeko ekimena jarri dute martxan. Euren irudiarekin apaindutako katiluak salduko dituzte Leioako dendetan, eta Mendibile Jauregian abenduaren 10ean izango den ongintzazko afarian batutakoa ere herriko Caritas-entzat bideratuko da.
Joan den urtean Mari Pepa eta Arloteren panpin bereziak saldu ziren, eta afariarekin batera, 4000 euro baino gehiago batu ziren Sortarazi elkartearentzat. Honekin Leioako familia behartsuei Gabonetan laguntza extra bat ematea lortu nahi izan zen. Aurten, panpinak izan beharrean Mari Pepa eta Arlote pertsonaien irudiekin apaindutako katiluak salduko dira Leioako dendetan 4 eurotan.
Behargintza Leioaren web gunean aurkitu ahal izango ditugu katilu hauek saltzen dituzten denden izena, kanpaina honetan parte hartu nahi dutenen dendak Behargintza Leioara deitzea besterik ez dute egin behar.
Joan den urtean aurreikuspen guztiak bete ziren, horregaitik aurten katiluen 750 ale izango dira salgai.
Ongintzazko afaria
Bestalde, ongintzazko afaria ere antolatuko da aurten, Mendibile Jauregian izango da berriz, abenduaren 10ean. Bertan, Mari Pepa eta Arlote protagonista dituzten hainbat artisten obren zozketa antolatuko da, hauen artean, K-Toño Frade Bilboko marrazkilaria, Jone Saitua margolaria, Jonathan Arnaiz ilustratzailea, Mikel Godoy argazkilaria, Beren Beregi brodatzaileak eta Carmen Palomero artista leioaztarra.
Afari honetan parte hartzera gonbidatzen diegu Leioako herritar guztiei, dohaitza 50 eurokoa da eta parte hartzeko aldez aurretik Behargintzara deitu (944.004.195) edota idatzi (behargintza@leioa.net) baino ez da egin behar.