Aste honetan, Leioako Udalak zenbait karpa gorri jarri ditu kalean; bertan, bosgarren edukiontziaren edo edukiontzi marroiaren bitartez hondakin organikoen gaikako bilketarako doako kitak bildu daitezke. Horrez gain, nahi izanez gero, ekarpenak eta proposamenak egin ahal izango dituzte herritarrek, bosgarren edukiontziaren instalazioa eta erabileraren eraginkortasuna hobetzeko.
Karpara joan ahal izateko hitzorduak honako hauek dira: Sakoneta Kiroldegiaren kanpoaldean, apirilaren 7an; Udondoko Bulebarrean, apirilaren 8an; Txorierrin, apirilaren 10ean; eta azkena, Basaezen, apirilaren 13an. Goiz eta arratsaldeko ordutegian egongo da irekita, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:00etara.
Kit organikoa doan
Zerbitzuarekin bat egiten duten etxebizitza bakoitzari materia organikoa banatzeko kita emango diogu, dohainik. Guztira, 4.500 kit banatuko dira, eduki hau dutenak: zakarrontzi aireztatua, etxean hondakinak batzeko; 40 poltsa biodegradagarriko biribilkia; zer birzikla daitekeen jakiteko imana; eta edukiontzi marroia irekitzeko giltza elektronikoa. Garrantzitsua da aipatzea ezin dela plastikozko poltsarik erabili, bakarrik poltsa biodegradagarriak, kitean datozenak bezalakoak.
Poltsa biodegradagarria hondakinez beteta dagoenean, edukiontzi marroian sartu ahal izango da. Horretarako, edukiontzia irekitzeko, zerbitzura inskribatuta daudenek giltza elektroniko bat edukiko dute. Txartel hori ekimen honetan inskribatutakoei bakarrik emango zaie, batutako materiarekin kalitatezko konposta lortzen dela bermatzeko.
Leioako Udalak herritarrak misio garrantzitsu honetara batzera animatu nahi ditu, eta materia organikoa edukiontzi marroian birzikla dezatela. Leioaztarren laguntzari esker, ingurumenarekin konprometitutako udalerria lortuko dugu.