2014-05-02
Kalitatezko saskibaloi femeninoa izango da asteburu honetan Kandelazubietan
Leioa Saskibaloi Taldeko lehen talde femeninoak, Quirón Leioak, Lehen Maila Nazionaleko Azken Fasean lehiatzeko helburua lortu du, liga erregularra bigarren lekuan amaitzea lortu baitute neskek. Leioa SBTk eta Saskibaloiko Euskal Federazioak, Leioako Udalaren laguntzarekin, azken fase hori antolatuko dute asteburu honetan (maiatzak 3 eta 4) Kandelazubieta Kiroldegian.
Kalitatezko saskibaloi femeninoaz gozatzeko aukera izango da, eta gainera, lauko finalaren formatua ere oso erakargarria izango da. Larunbatean, bi finalerdi (18:00etan eta 20:00etan), eta igandean, finala (12:15ean).
Gure neskek Donosti Basket Bera Beraren aurka jokatuko dute lehen finalerdian (18:00etan). Bigarrenean, Donostiko Atletico San Sebastian-Tecnum eta Azkoitia-Azpeitiko Zurt Taberna ISB taldeek jokatuko dute. Lau hautagai eta plaza bakarra jokoan. Indarrak parekatuta daude. Zorte on gure jokalariei! Kandelazubieta gainezka egongo da.