2014-01-02
Suhiltzaileak izango dira bihar Kandelazubietako Gabonetako Umeen Parkean
Bizkaiko Foru Aldundiko Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko profesional talde bat bihar ostiralean, urtarrilak 3, Leioara etorriko da, suhiltzaileek erabiltzen dituzten material eta ibilgailuekin erakustaldiak egitera eta larrialdietarako aholku praktikoak ematera, Udalak sasoi honetan Kandelazubietako kiroldegian antolatzen duen Umeen Gabonetako Parkean.
Aldundiko suhiltzaileek, goizeko 11:00etatik aurrera, lanean erabili ohi dituzten materialak erakutsiko dituzte, eta ibilgailuetariko batek, autoponpa delakoak, nola funtzionatzen duen erakutsiko dute. Erakustaldia amaitutakoan prebentzioari buruz hitz egingo dute. Arratsaldean, 16:30etik aurrera, berriro erakutsiko dituzte materialak, eta segurtasunaren gaineko aholkuak eskainiko dituzte; eta 18:00etan suhiltzaileek askatze-simulakro bat egingo dute, hau da, trafikoko istripu baten ondorioz ibilgailuaren barruan harrapatuta geratu diren pertsonak askatuko dituzte.