2012-07-03
Zubi, bultzada euskarazko antzerki-sorkuntzari
Euskarazko antzerki-sorkuntzari laguntzeko asmoz sortu da Zubi, konpainien eta programatzaileen lana bateratu eta bultzatzeko zubia. Luhusoko Harri Xuri Karrikako Arteen Fabrika (Lapurdi), Donazaharreko Herri Antzokia (Nafarroa Beherea), Durangoko San Agustin Kultur Gunea (Bizkaia), Leioako Kultur Leioa (Bizkaia), Zornotzako Ametx Zornotza Aretoa (Bizkaia), Elorrioko Arriola Aretoa (Bizkaia) eta Aulestiko Artedrama Euskal Laborategiaren (Bizkaia) eskutik jaio da proiektu hau, Euskal Antzerkiaren Sorkuntza Berriari Laguntzen lemapean.
Zubi proiektuaren lehenengo deialdi honetan, artista edo konpainia bati eskainiko zaio laguntza. Laguntza hori honela gauzatuko da: lana sortzeko diru-laguntza, ikuskizuna prestatu ahal izateko toki baten lagapena, sustatzaileen aholkua hala alderdi artistikoei buruz nola alderdi teknikoei buruz, eta, azkenik, bira bat Euskal Herriko zazpi antzokitatik.
Zubin parte hartzeko interesa duten taldeek irailaren 14a baino lehen aurkeztu behar dituzte proiektuak. Bi hilabeteko epean, proposamenak aztertuko dira eta zein artista edo konpainia aukeratuko den erabakiko da. 2013. urtean gauzatuko da proiektua, urte amaieran estreinatu ahal izateko.
Partekatu:
Itzuli