2012-04-19
Pinuetako azoka berrikuntzez beterik dator
Aurtengo Pinuetako azoka berrikuntzez beterik dator, hasteko kokapen berria izango du aurten, Dolores Ibarruri izeneko plaza berrian, aldaketa honek hobekuntzak egiteko aukerak ematen dizkio azoka ezagun honi.
Orain arte Pinuetako azoka Nafarroa kalean egiten zen, Cervantes plazaren ondoan, baina aurten kokapena aldatu da Dolores Ibarruri plaza berrira. Plaza hau Gaztelubide kale hasieran dago, Pinueta, Lamiako eta Ibaiondo auzoak elkartzen diren puntuan. Kokapen berri honekin azokak zabalera handiagoa izango du, teknikoki ere hobekuntzak izango ditu eta batez ere, auzokideei eragozpen gutxiago eragingo zaizkie. Hau da, orain arte azoka egiterakoan zonaldeko hainbat aparkaleku kendu behar ziren, baina kokapen berri honekin ez dira aparkaleku hauek kenduko eta auzotarrek egunero bezala mantenduko dute trafikoa.
Aldaketa garrantzitsu honi esker Pinuetako Udaberriko azoka, orain arte Pinuetako Nekazaritza azoka deitzen zena, bere egituran zein egitarauan aldaketa nabariak egiteko aukera izan du.
Berrikuntza hauen artean azokaren iraupena dugu, orain arte egun bateko azoka zen baina hemendik aurrera egun bikoa izatera pasatuko da. Beraz, aurtengo azoka larunbatean (11.00etatik 15.00etara eta 17.00etatik 20.00etara) eta igandean (11.00etatik 15.00etara) ospatuko da.
Honetaz gain, azokak 14 erakustoki izango ditu aurten, bertan Euskal Herriko kalitatezko produktuak aurkitu ahal izango ditugu, hauen artean: landareak eta loreak, barazkiak, frutak, eztia, txakolina, sagardoa, garagardoa, nekazaritza eta lorezaintza tresnak, ortuko produktuak, landare eta loreekin egindako xaboia, fruitu melatuen gozokiak eta olioa.
Bestalde, urtero azokarekin lotuta egiten diren bestelako ekintza desberdinez gozatzeko aukera ere izango dugu, adibidez:
- Abeltzaintzaz aritzen diren umeen tailerrak.
- Sorkuntza prozesuaren inguruko argazki erakusketa eta lorategi baten sorkuntza.
- Bonsai eta Suseki elkarteen eskutik egindako erakusketa, gainera hitzaldi bat ere emango dute bonsai batek behar duen zaintza bereziez hitz egiteko, eta “De platón a prebonsai” izeneko tailerra ere izango da honekin lotuta.
- Sukaldaritza tailerra eta landare zein lorekin egindako pintxoen dastatzea.
- Eztia eta garagardoaren ekoizpen prozesuari buruzko hitzaldiak.
- Olioa ekoizteko prozesuaren erakustaldia zuzenean.
- Txakolinaren dastatzea, Bizkaiko Txakolinaren Jatorrizko Izendapenaren eskutik.
Kokapen berria
Udalaren ekimenez sortutako ideia batetik sortu zen azokaren kokapen berri hau, Dolores Ibarruri plaza. Zonaldean aisialdi eta oinezkoentzako gune berrien eta aparkaleku gehiagoen beharrizana zegoela konturatu zen Udala, eta horregatik sortu zen gune berri hau.
Plaza dotore honen azpian 400 partzelako lurrazpiko aparkalekua dago, eta honen goialdean erabilera publikorako gunea dago, egonaldi zonaldea, umeentzako jolastokiak, saskibaloian aritzeko kantxa txiki bi, eta frontoia, Iparraldean direnen antzekoa. Honetaz gain, zonaldea berrurbanizatzeko errepidea hobetu da eta oinezkoekin bateragarri izatea lortu da. Guzti hau bi miloi euroko aurrekontua suposatu izan du Leioako Udalarentzat.
Guzti hau egin ostean, Langileria 202 zenbakian eta Artatza Jauregiaren atzeko aldean dagoen etxetxoaren berreraikuntza egiteko proiektuan dabil Udala. Asmoa eraikina moldatzea eta erabilera publikoa ematea da. Zehazki, Udalaren asmoa zonalde horretako udal bulego deszentralizatua bertan ezartzea da, eta honetaz gain bestelako ekipamendu bat ezartzea bertan herritarrei zuzendutakoa.
Urbanizazio aldaketa guzti hauek kaleetatik hainbat kotxe ateratzea lortuko dute, eta honi esker zonaldean oinezkoen presentzia handiagotzea eta aisialdi gune berriak lortzea. Honen harira, Udalak urbanizazio lanekin jarraituko du.