2017-10-30
‘Arimen gaua’ bueltatuko da bihar Leioara
Mugi Leioako Gazteak elkarteak ‘Arimen gaua’ren edizio berri bat jarri du martxan, Udala eta Leioako Merkatarien Elkartearen laguntzarekin. Bihar, arratsaldeko 18:00etatik aurrera hasiko dira hirugarren edizio honetarako prestatu diren ekintzak Bulebarrean.
Estatu Batuetatik ekarritako ohitura dela pentsatzen dugun arren, Arimen Gaua aspaldidanik ospatu da Euskal Herrian, izan ere, hau antzinako tradizioa izan da gure herrialdeko hainbat txokoetan. Aurreko urteetan arrakasta itzela izan zuen ospkizun honek, eta aurten, MUGIk antzeko ekitaldi borobila prestatu izan du leioaztar guztiek disfrutatzeko asmoarekin. Ekintza guztiak Bulebarrean edo Estartetxe kalean egingo dira.
Arratsaldeko 18:00etatik aurrera umeentzako tailerrak izango dira (3-12 urte bitartekoak) ondoren, 19:00etan elektrotxarangak pintxopotea alaituko du. Gaueko 21:00etan txokolatada guztiontzat eta segidan (22:00) pertsonai mitologikoen ikuskizuna hasiko da. Gau erdian argiontziak askatuko dira eta honen aurretik eta ondoren disko erromeria izango da Bulebarrean Trikiziorekin.