2017-09-26
Munduko landareen hirugarren azoka izango da asteburuan
UPV-EHUko Arboretumak Munduko bost kontinenteetako landareen hirugarren azoka hartuko du datorren asteburuan, irailak 30 eta urriak 1. Leioaztarrek doako autobusa izango dute herritik Arboretumera hurbiltzeko.
Azokaren antolatzaileak Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila eta Euskal Herriko Unibertsitatea dira, eta laguntzaileak, berriz, Leioako eta Erandioko Udalak eta BBKren Gizarte Ekintza.
2015ean jaio zen landare-ekoizleen bilgunea izateko, munduko bazterretako hainbat espezie eta barietate erakutsi ahal izan ditzaten. Erakusleiho bat eskaini nahi da merkataritzako harremanak hobetzeko eta, aldi berean, landare-hazkuntzako tekniken eta ezagutzen berri elkarri emateko.
Guztira 36 ekoizlek berretsi dute etorriko direla eta euren bildumak aurkeztuko dizkigutela. Bost kontinenteetako landareak miretsi eta erosi ahal izango ditugu, oso prezio onean. Gehienak ezezagunak dira gure latitudean, baina erraz hazi ahal izango ditugu lorategi eta balkoietan.
Azokan bertan bisitariek indarrak berritu ahal izango dituzte hemengo produktuak dastatuz, eta Arboretumeko zidorretan zehar paseoan ibili ahal izango dira. Umeentzako jolasgunea ere izango da.