2013-06-13
Hiri kulturaren topaketa izango da Leioan larunbatean
Skate, graffitiak, breakdance, hip-hop, DJak...hiri kulturak osatzen dituen arlo guztietaz gozatzeko aukera izango dugu asteburu honetan Leioan. Larunbata honetan Leioa Urban Egunaren II.edizioa izango da, Shintomak aurkeztuta.
Alde batetik, Aterpe Leioa Gazteguneak graffitien erakusketa-tailerra antolatu du goizeko 10.00etan, Keroren eskutik, eta 11.00etan Rasy Simonek DJ tailerra jarriko du martxan.
Bestetik, arratsaldean, Aldapa auditoriuma izango da eszenatokia. 18.00etan, Leioako Breakdance lehiaketaren II edizioa izango da, Rasy Simonek aurkeztuta, ordu horretan sailkapenak hasiko dira eta 20.00etan finalen txanda izango da. Aldi berean, 19.00etan, BeatBox Battle hasiko da, 2011ko Frantziako BeatBox Battle-en txapeldunaren eskutik, Kim. Honekin batera, Estatuko txapelduna den Grison eta Euskadiko txapeldunordea den Mufasah izango dira. Azkenik, 22.15ean, lehiaketa bi hauen sari banaketa izango da.
Hau amaitu ostean, Grison izango da taula gainean gaueko 22.30ean, eta Rayden 23.00etan.
Euria egiten baldin badu Leioa Urban Eguna Txomin Arestiko jolastokian izango da.