2013-01-22
Euskararen etorkizuna marrazteko gazteen iritzia behar dugu
Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren markoaren barruan kokatu izan diren batzar bietan datozen bost urteetan euskarak Leioan hartu beharko lukeen lekua definitzen saiatu gara leioaztarrok. Orain gazteen txanda da, gazteen iritzia eta ekarpenak entzun nahi ditugu hurrengo ostiralean izango den batzarran.
Batzuk herritar gisa hurreratu dira egindako batzar bietara, iritzia eman eta besteena jasotzeko. Beste batzuek herriko elkarteak, ikastetxeak, eragileak, taldeak... ordezkatu dituzte. Horren guztiaren emaitza aberatsa izan da, eta leioaztarrena.
Ekarpen gehiago behar ditugu, ordea, eta gazteenak garrantzizkoak dira. Gazteen ahotsa jaso nahi dugu. Gaztea bazara eta Leioako Euskara Biziberritzeko Plan honetan parte hartu nahi baduzu, zatoz ostiralean Aterpe Leioa Gaztegunera arratsaldeko 18.30etik 20.30era.