2024-10-02
5 kontinenteetako Landareen Azoka UPV-EHUra itzuli da espezie exotiko eta paregabeekin
5 kontinenteetako Landareen VIII. Azoka urriaren 5ean eta 6an egingo da, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Arboretumean. 44 erakusketari izango dira ekitaldian, eta mundu osoko landare ugari erakutsiko dituzte. Haietako asko ezezagunak dira Bizkaian, baina gure ingurura egokitzeko modukoak dira. Bizkaiko Foru Aldundiak eta EHUk antolatzen dute azoka, eta aukera paregabea da lorezaintzako profesional eta zaleentzat.
5 kontinenteetako Landareen VIII. Azoka urriaren 5ean eta 6an egingo da, Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) campuseko Arboretumean. Urtero egiten da, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatuta, eta Leioa eta Erandioko udalen eta BBK Gizarte Ekintzaren babesa du.
Edizio honetan 44 erakusketarik berretsi dute bertan izango direla, eta bost kontinenteetako landareen bildumak aurkeztuko dituzte. Landare horietako asko ezezagunak dira Bizkaian, baina lurraldeko lorategi eta balkoietara egokitzeko modukoak dira. Landare guztiak prezio lehiakorretan eskainiko dira, eta aukera paregabea izango da lorezaintzaren arloko profesional eta zaleentzat.
Bertaratzen direnek aukera izango dute, aniztasun botanikoaz gozatzeaz gainera, hemengo produktuak dastatzeko dastaketa-eremuan, bai eta Arboretumeko bidexketatik paseatzeko ere; espazio ezin hobea da naturarekin konektatzeko.
Nazioarteko Topaketa Komertziala
5 kontinenteetako Landareen Azoka 2015ean sortu zen, landare-ekoizleak biltzeko eta munduan dauden espezie-aniztasuna eta laborantza-teknikak ezagutzera emateko. Merkataritzako harremanak hobetzeko erakusleiho izateaz gainera, ekimen honek ezagutzak trukatzeko aukera ematen die sektoreko profesionalei.
Azokaren helburua da bilduma-landareen ekoizleentzat, kontsumitzaileentzat eta zaleentzat urteroko ezinbesteko hitzordu gisa finkatzea.
Espazio botaniko paregabea
Azoka UPV/EHUren Leioako campuseko Arboretumean egingo da, hau da, interes botaniko eta kultural handiko ingurune batean. 2008an inauguratu zen espazio horrek 19 hektarea ditu eta bost kontinenteetako 450 espezietako 2.200 zuhaitz inguru biltzen ditu. Kokapen estrategikoa -Bilbo Metropolitarretik hurbil dago-, irisgarritasuna eta eskura dauden zerbitzuak direla-eta, agertoki ezin hobea da azoka egiteko.
Arboretumak jendearentzat beharrezkoak diren zerbitzu guztiak ditu, aparkalekuak, autobusak eta hitzaldi-gelak barne. Horrela, esperientzia erosoa eta aberasgarria bermatzen zaie bertaratutako guztiei.
Doako autobus-zerbitzua Erandiotik eta Leioatik
2024ko urriaren 5ean eta 6an UPV/EHUn egingo den bost kontinenteetako Landareen VIII. Azoka dela eta, autobus-zerbitzu bereziak egongo dira Leioako eta Astrabuduko metro-geltokietatik Leioako unibertsitateraino. Zerbitzua doakoa izango da.