2019-01-24
Udalak Artatzako igogailuaren lizitazioa deitu du
850.000 euroko aurrekontua eta sei hilabeteko egikaritze epea duen lanerako eskaintzak aurkezteko epealdia datorren otsailaren 4an amaituko da
Leioako Udalak Artatzako igogailuko lanen lizitaziorako deialdia egin du, igarobide eta igogailu bertikal baten bitartez, Artatza auzoa eta Basañese kalea lotuko dituen soluzio mekanikoa. 850.000 euroko aurrekontua eta sei hilabeteko egikaritze epea duen lanerako eskaintzak aurkezteko epealdia datorren otsailaren 4an amaituko da.
Une honetan bi puntu horiek lotzen dituzten eskaileren alternatiba izango den igogailu proiektua idatzi ondoren, Leioako Udalak beste aurrera pauso bat eman du.
San Bartolomeko auzoak tontor txiki baten gainean daude. Behereneko puntua Artatza kalearen inguruan dago, eta altuena San Bartolome baselizaren parean. Haren azpian dago Basañese kalea, eta Artatza kalearekin bat egiten duen lekuko biribilgunetik abiatuta San Bartolome baselizarantz igotzen da, udalerri osoa ikusteko behatoki txikia bilakatuz.
Ibilbide honen hasieran, kaleak %11,56ko eta %7,50eko maldak ditu –balio horiek, gune publikoetako irisgarritasunari buruz indarrean dagoen arautegian oinezko ibilbideetarako ezarrita dagoen gehieneko %6ko maldatik gora daude–, eta ondoren, aurrera egin ahala, malda jaitsiz doa, amaieran ia laua izan arte.
Ibilbidearen erdian, bidearen malda irisgarri bilakatzen den puntua (finkatutako hiri lurzoruaren eta Laubide Sektorearen arteko muga) gainditzeko, gaur egun sigi-saga egiten duten eskailera batzuk daude, Artatza kalearekin lotzeko.
Artatza kaleko puntu horretan Bizkaibuseko geraleku bat dagoenez, San Bartolome auzoko biztanleek asko erabiltzen dituzte eskailera horiek, garraio publiko horren bitartez euren lantokietara edo Leioako erdigunera joateko aukera dutelako.