Leioako Udalaren Gizarte Zerbitzu eta Hezkuntza Sailen aldetik, lankidetza-hitzarmen bat sinatu dugu APNABI elkartearekin (Autismoa eta Autismoaren Espektroko Nahasteak dituzten pertsonen Gurasoen Elkartea). Horren baitan, 2018-2019 ikasturtean hainbat udaleku ireki jarriko dira abian, erakundeko bazkide diren honako familiei zuzenduta: urte osoan familiaren etxean bizi diren 4 eta 18 urte bitarteko seme-alabak dituztenak. Familia horien atseden-beharrizanei erantzutea da helburu nagusia, batez ere, zaintzaile nagusiaren gainkarga emozionala arintzeko, eta senide horien bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko.
Udaleku horiek haurren ikastetxeetako oporraldiekin bat etorriko dira eta Mendibile ikastetxeko instalazioetan garatuko dira. Horrela, haientzako leku apropos batean egun batzuk pasa eta kalean elkarrekin egoteko aukera izango dute.
APNABI elkartea duela 70 urte sortu zen, autismoa zuten pertsona batzuen senide-talde baten ekimenez. Gaiaren inguruko ezjakintasuna oso handia zen orduan, eta jendeak gaixotasuntzat zeukan autismoa. Horren aurrean, beren egoera duintzeko indarrak elkartu beharra zeukatela pentsatu zuten. Gaur egun, Bizkaian TEA duten pertsonen 1.000 familia ingururi ematen die zerbitzua elkarteak; eta 200 profesional baino gehiago ari dira lanean, 22 lantokitan banatuta.