Leioa
Bilaketak
Asteartea, 2024ko Apirilaren 23a
Hemen zaude: Hasiera » Ezagutu Leioa » Artatza Jauregia

Artatza Jauregia

Artatzako istorioak


Etxea 1918an zabaldu zuten ofizialki –eraikitzeko lanak hasi eta lau urtera–, Alfontso XIII.a erregeak bisitaldia egin zuenean. Gerora, Bizkaira etortzen zen bakoitzean, egun batzuk egiten zituen bertan.


Familiak udako sasoia eta udazkenaren aldi bat jauregian igarotzen zituen. Izan ere, negozioen ardura zela eta, Víctor Chavarrik Madrilen igarotzen zuen negua, astean biz-pahiru egunez Bilbon egoten bazen ere, hemen zeuzkan enpresa frankoren kontuengatik. Errepublikaren garaian, familia urte guztian bizi zen jauregian.


Gerra Zibilean, jauregia gudarien batailoien kuartela izan zen. Ostean, Chávarri familiaren etxea eta haien ondorengoek udaldia igarotzeko tokia izaten jarraitu zuen 1979ra arte. Urte luzez, orduko gizarte eta politikaren pertsona ospetsuenen bisitaldiak izan ziren bertan, eta haien erakusgarri dira jauregiaren liburuan idatzitako sinadurak.


Egun, 1989. urtetik, Eusko Jaurlaritza da eraikinaren jabe; Bizkaiko Foru Aldundiak, aldiz, lorategien ardura hartu du, eta parke publiko bihurtu ditu.


Artatza Jauregiko egongela Artatza Jauregiko egongela.

Proiektua


Artatza jauregia 1914. urtean hasi ziren eraikitzen, Manuel María de Smith Ybarra arkitek-toak Víctor Chávarri Anduiza Trianoko markesa zen industrialariarentzat diseinatutako proiektua oinarri zela.


Izan ere, 1910eko hamarkadaren erdialdetik 1930eko hamarkadara arteko hazkunde ekonomikoa eta haren atzetik bizi izan zen pizkunde artistikoaren ondorio da Artatza jauregia, bai eta Getxon gauzatu ziren etxe ugariren proiektuak ere.


Dena den, zalan-tzarik gabe, Artatza jauregia da Manuel María de Smithen lan onena eta adierazgarriena, Ana Erregina Ingalaterrako estiloa delakoaren bertoko interpretazio garbia.


Eraikina ia 300.000 m2 dituen orube zabal, irregular eta gorabeheratsu batean dago, Artatzako hareatzan, etxeari izena ematen dion lekuan. Estatuak lurrak enkantean jarritu zituenean 1894an, familiak eskuratu zituen. Víctor Chávarriren emazteak, María Josefa Poveda y Echagüek, aukeratu zuen etxea eraikitzeko kokaleku bikain hori.


Artatza Jauregiko sukaldea Artatza Jauregiko sukaldea.

Kanpoaldea


Eraikinak U formako oinplanoa du, eta hegoalderantz eta mendebalderantz begira eraikita dago. Eraikinaren kanpoaldean, Ingalaterrako estiloaren ezaugarriak argi eta garbi igartzen dira: esaterako, estalki eta tximinien bolumenak era askotan konbina-tzea eta multzo guztia asimetrikoa izatea, harria eta bistako adreilu gorria konbinatzea, leihateetarako hainbat estilo hartzea. Manuel María de Smith arkitektoak Ingalaterrako estiloari bere ukitua eman zion, estilo neoeuskaldunaren ezaugarriak sarturik, hala nola zurezko bilbadurak eta estalkien malda handiagoa.


Eraikin guztia ikusgarria da, eta hala zen ingurua ere: han ziren crocket-ean jokatzeko zelaia, tenis-pistak, zuhaizti batek babestutako ortua, larreak, berotegia, ur-tanga bat eta oilategiak. Eraikina lorategiz inguratuta zegoen. Lorategien ideia Ingalaterrako etxe viktoriar handietako lorategietatik hartu, eta egin zutenean, gune independenteetan zatitu zituzten. Haietan pergolak, arrosadiak, harrizko eta zur margotuzko jesarlekuak eta eskultura grekoen kopiak ere –Mironen diskoboloa, adibidez, oraindik ere irauten duena- jarri zituzten. Bi urmael ere baziren: batean, nenufarrak zeuden; besteak, ontziralekua zeukan. Horren guztiaren inguruan jokatzen zuten aisialdian jauregiaren jabeek eta beste burges nabarmen batzuek bederatzi zuloko golf-zelai batean, Getxo eta Leioako lurretan. Horma bat zegoen Artatza jauregiaren lur guztia inguratzen, eta etxera heltzeko, albo banatan zuhaitzak zituen bidea hartzen zen, lehoien irudiek gordetako atezaindegitik aurrera.


Artatza Jauregira bisita gidatuak Artatza Jauregira bisita gidatuak.

Barrualdea


Artatza jauregiaren gelak, oso argitsuak denak ere, lau gune independentetan (gela nagusiak, zerbitzarien gunea, gonbidatuen gelak eta nursery delakoa, umeentzako gunea) banatzen dira solairuz solairu:


Behe-solairuan, karrerape nagusiaren tudor estiloko arkuan familiaren armarria nabarmentzen da. Karrerapearen ondoren dagoen atarte zabala kapera eder eta bulego batekin lotuta dago, bai eta goi-galeria bat duen atondo zoragarriarekin ere. Galeriako beirate beruneztatu eta kasetoidura apartak egiteko ideia, Valladolideko San Gregorio komentutik hartu zuten. Jarraian, bi egongela tximiniadun handi eta jangela bat daude, denak ere serre edo kristalezko lorategi-gela baten bitartez lotuta. Solairu honetan bazeuden umeentzako jangela bat eta egongelak ere. Horrez gain, egongela, jantzitegia eta bainugela zuten gonbidatuentzako logelak zeuden solairu honetan. Gela horietako bakoitzak kanpotik bere sarrera bereizia zuen. Erdialdeak zerbitzarien gelak hartzen zituen. Alde horrek sarrera bereizia eta gela zabalak zituen (sukaldea, harrikoa egiteko tokia, jaki-tokia, zerbitzarientzako jangela eta ikuztegia), eta haietatik sotoan sartzen ziren, non hau guztia zeukaten: upategia, jaki-tokia, berokuntza-gela eta ur berorakoa, ikaztegi eta egurtegia, eta trastelekua. Bizilekuaren bestaldean garajea, ukuiluak, zalditegiak eta lantegia zeuden.


Lehen-solairuan, gune zehaztu eta independenteetan jarrita zeuden gela nagusiak, gonbidatuenak, umeenak eta zerbitzarien gelak, behe-solairuaren banaketa bera jarraituz. Solairu honetan, erizaindegi bat ere bazegoen.


Arkitekturan, intimitate eta pribatutasun nahian ez ezik, Ingalaterrako eragina barruko dekorazioan ere antzeman zen –dekorazioarako ideia Arts and Crafts mugimendutik hartuta–, eta denak jarraitzen zuen Ingalaterran boladan zegoen joera, burges askoren etxeetan hainbeste eragin zuena: sabai lauak eta igeltsuzko moldura soilak, horma tapizdunak, papereztatuak edo panelez apainduak, marmolezko zoruak, zur noblezko parketa eta oholtza, altzariak, bai eta komun-ontziak ere.

Informazio gehiago:

Liburuxka

Copyright 2010 · Leioako Udala
  • Kaskadako estilo-orriak erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa
  • Logotipo de cumplimiento de segundo nivel de accesibilidad
  • XHTML kodea erregulatzen duen arautegiarekin bat etortzearen ikonoa